Trinketean ederki moldatzen dela argi utzi du berriz ere Argoitz Otaño pelotari astigartarrak. Gipuzkoako Trinketeko txapela jantzi berri du, juvenil mailan. Aurreko larunbatean irabazi zion finala, 20-35, Suharri Rodriguez hernaniarrari. Otaño gustora dago jokatutako finalarekin: «Finala ondo joan zen; ondo jokatu nuen, konfiantzarekin. Semifinala, ordea, okerrago joan zen Cisnerosen aurka. Nerbioso jokatu nuen».
Eta ez da txapelketa honetan lortzen duen lehenengo txapela. Orain dela bi urte kadete mailan izan zen Giputzkoako trinketeko txapeldun. «Aurreko urtean, berriz, semifinala galdu nuen jubeniletan», dio Otañok. Eta datorren urtean seniorretan ariko da: «Orduan bai izango dela zaila txapela lortzea».
Oiarpe taldean, orain
Orain arte Mundarro taldean, Astigarragan jokatu du Otañok, baina aurten Oiartzungo Oiarpe taldean hasi da. «Ez neukan bikoterik eta pelotan jarraitu nahi nuen. Astigarragan jende gutxi dabil eta pena ematen du beste talde batera joan beharrak, baina gustora nabil. Laguna ere egin dut, Salaberria, eta biak gustora gabiltza elkarrekin. Frontoian nahiko ondo aritu gara eta orain trinketean hasiko gara elkarrekin», azaldu du.
Trinketean, gustora
Frontoian eta trinketean aritzen da Otaño eta bietan lortu du txapelaren bat edo beste: Donostiako Bikotekako Torneoa lortu zuen orain dela urtebete; orain dela bi urte, Udaberri Txapelketa; orain dela hiru urte, Gipuzkoako Bikotekakoa, infantiletan…
Larunbatean lortutako azken txapelari erreferentzia eginez, trinketean oso gustora aritzen dela azaldu du: «Pelotaz gain, futbolean ere aritzen naiz eta fisikoki ondo nago trinketean aritzeko. Izan ere, trinketean mano a mano asko mugitu behar izaten da, esfortzu dexente eskatzen du». Eta pelota edo futbola aukeratu behar izaten duenean zer egiten duen galdetuta, halaxe erantzun du: «Biak gustatzen zaizkit, baina partidu batzuk batera izaten direnean, pelota aukeratzen dut. Futbolean errazagoa da ordezkatzea».
Herriartekoa irabazteko asmoa
Orain, Gipuzkoako Bikotekako Trinkete Txapelketa eta GRAVNI jokatuko dira. Eta gero, herriartekoa etorriko da. Bitan hartu du parte Otañok Astigarragaren izenean eta aurten ere asmo horrekin da. Eta ez hori bakarrik: «Iaz oso talde ona genuen, baina azkenean ez zitzaizkigun gauzak oso ondo atera. Baina aurten bai, irabaziko dugu».
Orokorrean, helburuei buruz galdetuta, ez du helburu jakinik pelotari gazteak: «Pelotan segitzea da nere helburua; ikasten segitzea eta ahal den ondoen aritzea».
Zubiarrain eta Gurutzealde bihar, Iruran
Zubiarrain eta Gurutzealdek Trinketeko binakako txapelketako partidua jokatuko dute bihar. Eple taldeko Odriozola eta Aranbururen aurka neurtuko dira Irurako trinketean. Goizeko 10:30etan hasita, bigarren partidua izango da.