Obra txikiak egiteko, Ordenantza egin du Udalak eta hasierako onarpena eman zion Plenoak azaroan. Orain, jendaurrean dago ikusgai eta alegazioak egiteko aukera dago, otsailaren 25era arte. Ordenantza honekin araututa geratzen da obra txikiak aurrera eramateko, ze prozedura eta ze baldintza bete behar diren.
Udalaren helburua da, tramitazio administratiboa erraztu eta arintzea, eraginkorragoa izateko. Orain, eskaera egiten duenak, datorren egunean bertan lortu dezake baimena, baldintzak betetzen baditu. Obra hauek ez dute aurretik udal lizentziarik beharko. Bete beharreko inprimakia Udal erregistroan eskuratu daiteke eta eskatzen dena bertan aurkeztea nahiko izango da.
Obrak, hilabeteko epean hasi beharko dira eta sei hilabeteko epea izango da obra horiek guztiz bukatzeko.
Inprimakia, aurrekontua eta obra tasa ordainduta
Inprimakia betetzeaz gain, aurrekontua eta obra tasa ordaindu izanaren agiria aurkeztu behar dira. Honako tarifa hauek aplikatzen zaizkie: 10.000 eurotik beherako aurrekontuetarako, aplikatu beharreko tarifa 51 euro izango da; 10.000 eurotik gorako aurrekontuetarako, %3; eta lokalen barruko lehen egokitzerako, %5.
Obra txikiak: leihoak berritzea, teilatua aldatzea…
Obra txikitzat hartzen dira, jarduera arruntak direnak eta garrantzi urbanistiko, eraikuntza-tamaina eta zailtasun tekniko eskasa dutenak; aldaketarik eragingo ez dutenak eraikinaren funtzioan, etxebizitzen edo lokalen kopuruan. Horrez gain, obra horiek ez dituzte eraikinaren egitura, kanpo diseinua, bizigarritasun baldintzak edo eraikinaren segurtasuna ukituko. Adibide batzuk: etxebizitza edo lokal bat barrutik berritzea, partzialki: akaberak aldatzea, instalazioa aldatzea (argindarra, ura, gasa), arotzeria aldatzea… Kanpoko arotzeria aldatu (leihoak, barandak), tei-latua konpontzea, kanaloiak aldatzea, fatxadak pintatzea (jatorrizko kolorean), etxebizitza eta lokaletan hondakinak kendu eta hustutzea, etxebizitza barruko ateak, leihoak, azulejoak, osasun-elementuak aldatzea (bainuontzia, komuna, bideta, konketa)…