Txorrokoak egiteko tailerra, gaur

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 31

Inauteriak gainean dira eta txorrokoak egiteko tailerra antolatu du gaur, Astigar elkarteak. Arratsaldeko 17:30etan izango da elkartearen egoitzan. Inauteri igandeko konpartsan (otsailak 15) parte hartzeko egingo dituzte txorrokoak eta dantza eskolako kideek dantzatu arren, irekia dela azaldu dute eta dei egiten diete herritarrei animatzeko.  

Mozorro desfilea, hasteko
Inauteriak otsailaren 13an, ostirala, hasiko dira Astigarragan eta mozorro desfilea antolatu dute, hasteko. Astigarragako herri eskolako ikasleen eskutik izango da, Norberto Almandoz musika eskolako bandak lagunduta. Ikastolatik abiatuko dira 15:30etan.
Larunbatean (otsailak 14), berriz, txaranga ibiliko da kaleak girotzen, 12:00etatik aurrera, eta arratsaldean, 18:00etan, Mugi-Mugi haur diskoteka izango da Joseba Barandiaran plazan.

Euskal inauteriak, igandez
Igandean (otsailak 15), euskal inauterien konpartsa aterako da, Astigarren eskutik. 12:00e­tan abiatuko dira Ergobiatik. Txirriskla taldeko eta musika eskolako txistulariez lagunduta, Lapurdiko eta Lantzeko inauterietako dantzak, Oriako sorgindantza eta Goizuetako zahagi dantza dantzatuko dira.

Kaldereroak ere bai
Kaldereroen konpartsa otsailaren 21ean izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!