Bailarako haur eta gaztetxoek aurrematrikula egiteko garaia dute

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 31

Urtero bezala, iritsi da aurre­matrikulazioa egiteko garaia, datorren ikasturteari begira. Hernani (Ereñotzu bar­ne) eta Astigarragako ikastetxeetan astelehenean irekiko da epea eta Goizuetako eskolan, aste­be­te beranduago, otsailaren 9an. Izena emateko azken eguna, berriz, otsailaren 13a izango da, kasu guztietan. Batez ere, Haur Hezkuntza (2 urte) eta Bigarren Hezkuntza (12 urte) hasi behar dutenak daude matrikula egitera deituta. Hernani eta Ereño­tzun, 390 ume eta gazte dira adin horretakoak. Astigarra­gan 72 plaza dituzte 2013an jaiotakoentzako eta Goizuetako eskolan 5-6 ume matrikulatu­ko dira. Goizuetan, aurten 3 urte betetzen dituztenak hasten dira eskolan, 2012koak.

Aukera zabala Hernanin, maila guztietan
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza egin behar dutenek (2-12 urtekoak), bost ikastetxe dauzkate aukeran, Hernanin: Txirrita (Ereñotzu), Elizatxo, Urumea, Langile eta Inma­kulada. Ereñotzuko Txirrita eskola txikiak 56 ume ditu gaur egun eta matrikula­zioaren arabera osatzen da. Horrez gain, eskola txikia denez, bateratu egiten dira mailak.
Elizatxo eta Urumea ikas­tolak bi lineatakoak dira, hau da, maila bakoitzeko bi gela dauzkate eta adinaren ara­bera, ratio desberdinak izaten dira gela bakoitzean, alegia, haur kopuru desber­dina. Hori horrela, 2 urtekoen mailan, gehienez, 36 haur egongo dira (18na gela ba­koitzean), Haur Hezkuntzan (3-5 urte), 138 haur (23na), eta Lehen Hezkuntzan (6-11 urte), 300 haur (25na).
Langile ikastola, berriz, hiru lineatakoa da; maila bakoitzean hiru gela daude. Baina urte batzutan, lau lineatakoa izan da, beraz, gaur egun Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6garren mailan lau gela mantentzen dira. Hori kontuan izanda, 2 urtekoen mailan, 54 ume egon litezke, gehienez, Haur Hezkuntzan (3-5 urte), 207 ume, Lehen Hezkuntzako 1, 2 eta 3garren mailatan (6-8 urte), 225 haur eta Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6garren mailatan (9-11 urte), 300 haur.
Inmakuladak, berriz, linea bakarra du: 2 urtekoen mailan, 18 ume; Haur Hezkuntzan, 69 ume; eta Lehen Hezkuntzan, 150 ume.

DBHrako ere, aukera Hernanin
Derrigorrezko Bigarren Hez­kun­tza egiteko ere, aukera dago Hernanin. Bi ikastetxe daude: Inmakulada eta Herna­ni BHI Institutua. DBH egiteko aukera izateaz gain, Batxiler­goa eta Heziketa Zikloak ere egin daitezke ikastetxe hauetan. Eta HLPP ere bai, Transpacarren.

Hernaniko Udalak nabarmendu du herriko ikastetxeetan ikasteak duen garrantzia.

Kalitatezko eskaintza eta abantaila asko
Hernaniko Udalak argi dauka herriko ikastetxeetan ikasteak abantaila asko dituela eta kalitatezko eskaintza dagoela azpimarratu du: «Euskaldunak eta eleanitzak dira, parte har­tzaileak, herrian txertatuak, integra­tzaileak, herriko eskolen arteko elkarlana bultzatzen dutenak, ingurumena zaintzen du­tenak...». Eta abantailak, ho­na­koak: «Merkeagoa da, oinez edo bizikletaz joateko aukera dago; erosoagoa da, denbora gu­txiago behar da joan-eto­rri­an; seme-alaben heziketa hurbile­tik segitu daiteke; aberasgarria da herriarentzat...».

Astigarragan, lau gela irekitzeko baimena
Astigarragako Herri Eskolan, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza egiteko aukera dago. Azaldu dutenez, lau gela irekitzeko baimena dute, hau da, 72 plaza dituzte, 2013an jaiotakoentzat. Denera, 80 ume jaio ziren 2013an. DBH, berriz, Martutenen, Arantzazuko Ama Ikastolan egiteko aukera dago, besteak beste.

Hezkuntza estilo propioa, Astigarragan
Astigarragako eskolan, hez­kun­tza estilo propioa dutela nabar­mendu dute: «Euskera eta euskal kulturarekin kon­pro­metitua, elkarren errespe­tu­an hezten duen eskola, ikasleekin banakako arreta, irakasleen etengabeko prestakuntza, gura­soen partaidetza aktiboa, kudea­keta demokratikoa...».

3 urtetik 13ra, Goizuetan
Goizuetako Xalto eskolan, eskain­­tza desberdina da. Ikas­te­txe honetan, 3 urtetik 13 urte bitar­teko ikasleak daude, hau da, Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik DBHko 2garren mailara arte.

Ia 4.000 ume eta gazte, bailarako ikastetxeetan
Maila guztiak eta herri guz­tie­tako ikastetxeak kontu­an hartuta, 3.914 ume eta gazte ari dira gaur egun, bailarako ikas­tetxeetan ikas­ten. Herna­niri dagokionez: Haurres­ko­lan, 67 ume; Inma­kuladan, 314; Eliza­txon, 412; Langilen, 776; Uru­mean, 454; Institutuan, 940; HLPP-Trans­pa­carren, 30; eta HHI-CEPAn, 245. Ereñotzun, berriz, 56 ume dabiltza Txi­rritan; Astigarragako Herri Eskolan 542 ume; eta Goizue­tan, 78 ikasle daude: 61 ikasle goizuetarrak dira eta 17, aranoarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!