«Lan egin eta giro onarekin segitzea da klabea, aurkariekin itsutu gabe»

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 31

Hiru igoera jokatu, eta hirurak lortu dituzue. Zer sentitzen da jarritako helburuak gainditzen direnean?
Motibatu egiten gaitu. Hiru igoera jokatu ditugu, eta hiru kasuetan lider bukatu dugu. Horrek indarra ematen du entrenatzen eta jokatzen jarraitzeko. Taldea sortu ge­nuenean, helburua zen la­gunartean elkartu eta fut­bolaz gozatzea; ondo pasa na­hi genuen. Borussian aritzen garen ia guztiok jokatzeari utzi genion eta hau aukera ederra izan da. Herriko jokalariekin osatu dugu taldea, eta gazteak gara.

Hirugarren igoera hori ur­tarrilaren 18an lortu ze­nu­ten. Ohorezko mailako talde zarete, eta gaur duzue au­rreneko partidua.
Hala da, gaur bide berria hasten da: Ohorezko Mailako aurreneko par­tidua dugu; eta guztia izango da berria. Gru­po Delta taldea izango dugu aurrez aurre, lehen Vulco bezala ezaguna. Maila altuko taldea da. Bertan jokatzen duten jokalari batzuk aurrez San­sen arituak dira. Vasco­nia­ko jokalari ohiek ere ber­tan jokatzen dute. Pentsa, orain 5 urte Espainiako azken fasea jokatu zuten, Madrilen. Maila altua dutela jakinda, dena ematera atera beharko dugu; irabaztera joango gara.

Zeintzuk dira Ohorezko Mailaren ezaugarriak?
Maila gorena izanda, bizitza osoan futbolean aritu den jokalari asko ari dira bertan. Fisikoki oso ondo man­tentzen dira. Borussiako jokalarien media 25 urtekoa da; oso gazteak gara gai­non­tzeko taldeekin alderatuta. Taldeko helduenak 29 urte ditu, eta gazteenak 20. Gai­non­tzeko taldeen media 30 urte ingurukoa da.

Joko mailataz aritu gara aurreko galderetan. Hau ere bada Ohorezko Mailako ezaugarrietako bat; eta baita gainditzeko erronketako bat.
Bai. Ohorezko Mailako par­ti­du batzuen jarraipena egin dut eta diferentzia askorekin, al­de gehien nabarituko du­gun kategoria izango da. Mai­la honetan talde guztiak dira oso konpetitiboak. Lehia es­tua izaten da, eta emaitzak gutxitan izaten dira alde askokoak. Partiduko azken mi­nutura arte izaten da borroka.

«Borussiarentzat luxu bat da maila honetako par­tiduak jokatzea»

«Julen anaia beti izan da erreferente nirentzat: bizitzan zein futbolean»

Futbol 7an Espainian goi mailan aritu den talde bat ere izango duzue aurkari datozen asteetan.
Bai, Zuma-Hine talde bea­sain­darra. 2009an, Suitzak Eurokopa jokatzera gonbida­tu zuen. Bost aldiz izan da Espainiako txapelduna, eta egun ere, berak du titulu hori. Guretzat, Borussiarentzat, lu­xu bat da maila honetako partiduak jokatzea. Aldagele­tan honen inguruan bromea­tu izan dugu, noizbait be­raien kontra jokatuko ge­nue­la, etab. Lan asko egin dugu, eta ametsak egi bi­hurtu dira. Martxoaren 1e­an aurrez aurre izango di­tu­gu. Nork esango ote zigun gu­ri, taldea sortu genuenean!

Eta gainontzeko aurkariak ezagutzen dituzue?
Batzuk ezagutzen ditugu, bai­na ezin gara horrekin itsutu. Orain arte bezala jarraitu behar dugu, lanean, maila ezagutu eta ilusio eta gogo berarekin entrenatzen.

Erronkaren bat izango duzue noski, denboraldi berrirako.
Egia esan, ez. Partiduz partidu jokatuko dugu eta emaitzak iritsiko dira. Eta orduan finkatuko dugu erronka edo helbururen bat.

Herri edo koadrila izaera du Borussiak. 14 gaztek osatu zenuten taldea, Hernaniko koadrila ezberdinetatik etorriak guztiak. Helburua zen elkartu, ondo pasa eta futbolean jokatzeko grina asetzea. Azkeneko bi urteetako arrakasta ikusita, erraza al da hasierako espiritu hori mantentzea?
Bai eta hori da klabea. Guz­tion afizioa da futbola prak­tikatzea, eta herriko lagune­kin aritzea baino plan ho­be­rik, gutxi! Aldageletatik eza­gu­tzen ginen asko. Hernanin aritu izan gara, Yone Bou­tique taldean… Pentsa, talde bakarra gara Ohorezko Mai­lan patrozinatzailerik ez due­na. Fitxa gure poltsikotik ordaintzen dugu! Hor ikusten da gure grina eta afizioa.

Zu zara Borussiako entre­natzailea eta kapitaina. Aurrez maisu bat izan duzu, Julen Giraldo anaia. Yone Boutiqueko erreferentea zen urte askotan. Bere bideari heldu diozula esan liteke? Aholkurik eman al dizu?
Gauza garrantzitsuagotaz ari gara. Julen anaia beti izan da erreferente niretzat: izan futbolean, izan bizitzan. Futbolari helduz, areto fut­bolean hasi ginenean herriko torneoetan hartzen genuen parte. Urte luzez egindako lana eta konstantziari esker, Gipuzkoako txapeldun izatera iritsi ginen. Julenek egindako lanak meritu asko du. Ni aurreneko egunetik saiatu naiz bide berari heltzen. Talde lehiakorra osatu nahi dut, guztiaren gainetik, herri izaera hori mantendu nahi dut, giro ona izatea klabea da. Borussia bide horretatik dijoa, ezagun izatetik lagun izatera pasa gara, eta hori zelaian nabaritu egiten da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!