Lau parke natural ditu Gipuzkoak, eta horiek ezagutaraztea da Gipuzkoako Parketxe Sarearen helburuetako bat. Jose Luis Zaldua bertan aritzen da, interesa duen guztiari parke naturalak ahalik eta gertuen sentiarazten. Eskolekin, heldukien, umeekin, jubilatuekin izaten ditu saioak, eta oraingo honetan Kronikarekin elkartu da. Hernanin bizi da Zaldua, eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu inguru guztiak.
Aiako parkea, Hernanin
«Ba al dakizu Hernanik parke natural bat duela?» galdera askotan egin izan die Luis Mari Zalduak hernaniarrei, eta uste baino gutxiagotan jaso du baiezkoa erantzun gisa. Aiako Harria parke naturala Irunen hasten da eta Hernaniraino iristen da; Bidasoa eta Urumea artean kokatzen da: «jendeak ez dauka barneratua Urumearaino iristen denik».
Aiako Harriak Hernanin duen zatia gainera, bereziki aberatsa dela dio Zalduak. Kultur paisaia da nagusi: «zer da kultur paisaia? Gizakia eta naturaren arteko harremanak sortzen duen paisaia da. Badaude paisai batzuk berezkoak direnak, gizakiaren parterik ez dutenak. Eta beste batzuk, gizakiaren eskua ikusten direnak. Aiako Harriak parke naturalak Hernanin duen zatiak aberastasun haundia du kultur paisaian eta ondare arkeologikoan. Beraz, parke naturala bakarrik ez, altxor askoko parke naturala du Hernanik».
Larre-Gain inguruan altxor ugari
Lehen aipatu bezala, Hernanin du mugetako bat Aiako Harriak parke naturalak, zehazki, Larre-Gain sagardotegian. Baita ere hartzen ditu Ugaldetxo, Aparrain eta Igorin inguruak. Eta tarte hau da bereziki altxorrez josia dagoena.
Zalduaren ustez, abantaila asko ditu inguruak eta horietako bat da erraz iristeko lekua dela: «bideak oso komodoak dira. Zati asko asfaltatuta daude, eta bestela pistak daude, oso erosoak. Akola inguruan esaterako, aisi gune bat dago, borda eta iturri batekin; leku atsegina oso. Inguru honetatik gainera, paisai zoragarriak ikusten dira; Akola gainetik itsasoa ere ikusten da!».
Sei altxor, inguruan
Bertan aurkitu daitezken altxorrak errepasatuz, trikuharriak aipatu ditu Zalduak: «bat baino gehiago daude, baina bada bereziki bat, Saratsetako lepoan dagoena. Gipuzkoan hain ondo kontserbatutakoak gutxi dira. Hernaniko alde honetan zazpi trikuharri daude, eta orain 6.000 eta 3.500 urte inguru dituzte».
Zilegi mendiak dira inguruko beste altxorretako bat. Ondarearen pisu haundia dute zilegi mendiek edo mendi kumunalek. Zalduaren esanetan, herritarren premiak asetzeko mendiak ziren, bertatik lortzen baitzituzten egurra, orbela...
Saroiak dira hirugarren altxorra. Zalduaren iritziz, Hernani da potentzia saroietan: «kanpotik ikusita forma biribila duten lur eremu batzuk dira. Oso gauza berezia dira. Euskal Herrian eta Gipuzkoan asko daude, baina oso gutxi dira forma biribil horri hain ondo eutsi diotenak». Saroien ezaugarriei buruz, hala dio Zalduak: «erdigunea bilatu behar zaie, eta harri bat izaten dute bertan, hartamugarria deitzen dena. Hernanin harri horrek 8 lerro ditu. Lerro horiek erreferentzi hartu eta egiten zituzten biribilak. Saroi txikiek 164 metroko radioak zituzten, eta haundiek 328 metrokoak. Berezitasun gisa esan, Larre-Gain sagardotegia esaterako, saroi baten barruan dagoela».
Pagomatzak ere, inguru honetako altxorrak dira. Garai batean Urumea ibaian zeuden burdinolekin lotura zuzena dute hauek: «burdinolek ikatza behar zuten eta teknika honekin lortu zuten beharrak asetzea. Zuhaitzak landatzen zituzten, eta bi metroko altueran moztu egiten zituzten. Ondo eginez gero, adarrak sortzen ziren moztutako lekutik. 6-7 urteren buruan, berriz mozten zituzten, eta adar berriak ateratzen ziren».
Lortutako egur ikatz horrekin egiten zituzten txondorrak, inguru honetako bosgarren altxorrak: «gaur egun oraindik oso ondo antzeman liteke garai bateko txondor plazak non zeuden».
Tokien izenek duten garrantzia ere, azpimarratzen du Zalduak inguru hauetan egiten dituzten saioetan: «historia ondo ezagutzeko modua dira tokien izenak. Urumeak esaterako ur-umea esan nahi du, hau da, ur gutxi daukan erreka da. Hemen ondoan dago, esaterako, Haurra galdu zen harria. Euskeraz galduk desagertu ere esan nahi du. Kondaira oso bat dago izen honen atzean, gauza askoren adierazle dena».
Ingurua ezagutzeko, plana
Aiako Harriak parke naturalak Hernanin duen zatia ezagutu nahi duenak aukera ederra du Gozatua Hernanin: sagardogintza, trikuharriak eta saroiak plana eginda. Larre-Gain sagardotegi ondoan dago parke naturalaren sarrera, eta askok eskatu izan dute bertan, honen inguruko informazioa. Aitzakia hori hartu, eta historia, natura eta sagardoak bat egiten duten plana jarri zuten martxan joan den urtean. 2-3 orduko buelta egiten da lehen aipatutako altxorrak ezagutzeko. Planak Larre-Gainen du segida: sagardoa nola egiten den ezagutu, eta menu eder batez gozatu. Guztia 30 euroren truke. Zalduaren esanetan, Hernani sagardotegien meka gisa dute askok: «garai hau sagardotegi-parradarekin lotzen dute askok, eta aukera hori baino askoz zabalagoa da. Plan hau da adibideetako bat. Garai hau beste modu batera bizi dutenak ere asko direla azpimarratu nahiko nuke».