Bederatzi film labur emango dituzte Biterin, datorren asteazkenean, Zinegoak emanaldian. Iluntzeko 19:30etan izango da, eta sarrera doakoa da. Bilboko Gaylesbotrans jaialdiaren barruan dago kokatuta saioa, nazioarteko zinema eta arte eszenikoaren jaialdia, egunotan ospatzen ari dena.
Hain justu, jaialdiko labur sorta bat eskainiko dute. Tartean, euskal film bat ere egongo da: Alejandra. Alberto Gastesik zuzendua, 4 minutu irauten du, eta jaiotza, maitasuna eta heriotza ditu ardatz.
Mundu guztiko laburrak
Gainerako zortzi filmak, mundu guztiko herrialdeetan eginak dira: Deflated , What’s your sign?, eta Tomorrow estatubatuarrak; OVO frantziarra; Ultimo pase espainiarra; Hacia una primavera rosa, Tunezen eta Espainian grabatua; Trunk, Erresuma Batuan eta Australian; eta Das Phallometer alemaniarra. Guztira, ordu eta erdi inguruko saioa.