tarteka antzerkiaz gozatzea gogoko dutenek, aukera ederra izaten dute urtean bitan Hernanin. Antzerki Zikloaren edizio berria otsailean antolatu dute, eta ohi bezala, hiru antzezlan ikusteko aukera izango da Biterin: Ruz-Barcenas, Pankreas eta Potologuak. Otsailaren 9, 10 eta 11n izango dira saioak hurrenez hurren. Hiruak Biterin eskainiko dituzte, arratsaldeko 20:00etan hasita.
Sarrerak salgai, astelehenetik
Tiradizio haundia du antzerkiak Hernanin, eta hori ikusita, sarrerak aldez aurretik jartzen dituzte salgai. Kasu honetan, astelehenetik aurrera izango da erosteko aukera. Biterin jarriko dituzte salgai, erdiak goizez, 09:00etatik 13:00etara, eta beste erdiak arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara.
Antolatzaileek gomendatu dute lehenbailehen gerturatzea sarrerak erostera, bestela gerta liteke-eta gabe geratzea.
Prezioak: egun baterako edo bonoa
Prezioei dagokienean, sarrerak bi modutara erosi litezke. Egun bakarrerako tiketak 7 euro balioko du; eta egun guztietarako sarrerek, hau da, bonoak 16,50 euroko kostua izango du.
‘Ruz-Barcenas’: Otsailak 9, Gaztelaniaz
Barcenas kasua antzezlan bihurtu dute Alberto San Juan eta Jordi Casanovasek. 2013ko uztailaren 15a. Barcenas eta Ruz aurrez aurre dira berriz ere. Urduritasuna eta ikusmina Audientzia Nazionalean. Hiru aste daramazki kartzelan Luis Barcenasek, Pablo Ruz epaileak aginduta. Barcenasek deklaratu egingo du, aurrekoetan esandakoak gezurtatzeko asmoz. Ruz guztien begibistan egongo da. Audientzia Nazionalean gaur esaten denak alderdi politiko bat eta gobernu bat hankaz gora jarri ditzake. Edo ez.
‘Pankreas’: Otsailak 10, Euskeraz
Joseba Apaolaza, Mikel Martinez, Patxo Telleria dira Pankreas antzezlaneko aktoreak. Zer egingo zenuke lagun baten bizia salbatzeko? Zer emango eta zer gordeko zenuke? Komedia honetako hiru lagunek auzi honi eman behar diote erantzuna. Gau zoro batean, ezuzteko gertaerak bata bestearen ondoren etorriko dira, fisika modernoaren axioma bati men eginez: gerta daitekeen guztia gertatu egiten da noizbait.
‘Potologuak’: Otsailak 11, Euskeraz
Bodologuakekin nahikoa ez eta oraingoan Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu Potologuak botatzeko asmoarekin elkartu dira. Legebiltzarreko zein bileratan erabaki zen batukada euskalduna dela? Hirugarren seme-alaba aurreko bien arropa birziklatzeko enkargatzen al da? Medikuarengana azpiko arropa garbiekin ez bazara joaten zer gertatzen da? Galdera hauei eta beste askori erantzuna bilatzen saiatuko dira Potologuak ikuskizun berrian. Gauza bakarra dago ziur hirukote honekin. Egia? Ez. Barrea.