Bloody Brotherhood taldearen esanahia, Odoleko Anaitasuna izango litzateke euskeraz. Berdinen arteko leialtasunari edota laguntasunari eta anaitasunari egiten diola erreferentzia azaldu dute taldekideek: Nargaluk, Baalzemon Phobos eta Hammer Blastek, hain zuzen. 2011n sortu zuten taldea. Larratxoko musika jaialdi batetik atera zela ideia azaldu diote Kronikari: «Musikaz hitz egiten hasi ginen: nik gitarra jotzen dut, nik bateria... eta gauzak batek bestea ekarri zuen. Lokalean inprobisatzeko geratu ginen eta ikusi genuen kimika bazegoela eta oso gauza guapoak-onak ateratzen zirela. Halaxe sortu genuen taldea».
Bi hernaniar eta donostiar bat elkartu ziren, lehendik ere musikaren munduan ibilbidea egina zutenak.
Death estiloa, 80ko hamarkadan sortua
Bloody Brotherhood Metal taldea da; zehazki, Death generokoa. Estilo hau 80ko hamarkada hasieran sortu zen Floridan (AEB). «Thrash Metalari erantzunez sortu zen. Thrash Metala kaletarragoa eta urbanoagoa da, eta Death Metalaren ezaugarri nagusiena da iluna dela eta abiadura», diote Bloodyko taldekideek.
Gure erreferentziako musika taldeak 80 eta 90eko hamarkadetakoak dira, Trash Metal, Death Metal eta Grindcore generokoak: Death, Unleashed, Cannibal Corpse, Malevolent Creation, Obituary, Napalm Death...
Gai ilunak eta antierlijiosoak
Ingelesez kantatzen dute beti Bloody Brotherhood taldean, «batez ere, genero honetako taldeen %99ak halaxe egiten duelako», diote. Letrei dagokienez, ia beti gai ilunen ingurukoak izaten direla azaldu dute eta antierlijiosoak ere izaten dira. Horrez gain, gizakiaren gaiztakeriaz, injustiziaz, mistizismoaz eta paganismoaz ere aritzen dira.
Lehenengo albuma, kalean: 'Ritual of blood'
Orain gutxi kaleratu dute beraien lehenengo lana: Ritual of blood. Donostian dago erosgai CDa, Alde Zaharreko DonostiRock dendan. «Diskoa erraietatik egina da eta zuzena, parafernaliarik edota gauza arrarorik gabekoa. 7 kanta dira, eta horien artean Infernal Death abestiaren bertsioa dago, Death taldearena. Genero honetan aitzindaria izan da talde estatubatuarra. Gainerako abestiak guk eginak dira Hernaniko Udalaren lokaletan, Florida auzoan», diote.
Bira, espainiar estatuan
Espainiar estatuan zehar biran ere ibili dira orain dela gutxi, The From Hell Tourraren barruan. Honako lekuetan jo dute: Albacete, Zamora, Soria, Logroño, Salamanca, Santander, Alicante, Bilbo, Bartzelona... Madrilen bukatu zuten urtarrilaren 10ean. Gustora daude bizitako esperientziarekin: «Euskal Herrian eta espainiar estatuan biren kontua nahiko monopolizatua dago eta egoera nahiko prekarioa da underground mailan edo artista berri gisa. Hala ere, The From Hell Tourreko esperientzia oso positiboa izan da, eta oso sare ona osatu dugu harremanetarako eta jarraitzaile ugari ere lortu ditugu. Egia esan, oso pozik gaude jendeak gure kontzertuetan izan duen erantzunarekin».
Vomitory talde suediarraren nazioarteko tributo batean ere parte hartu dute, munduko 200 talderen artean aukeratuta.
Eta orain, album berriarekin
Orain, burubelarri dabiltza Ritual of blood beraien album berria zabaltzen. Bideo bat grabatzen ere ari dira Katihotsakeko lagunekin (Joxean´s hil eben film laburra grabatu dutenak). Beraien lehenengo maketa (2012) ere editatu dute berriz eta hori ere aurten jarriko dute salgai. Eta horrez gain, Ritual of blooden 2015eko bira ari dira prestatzen.
Vomitory talde suediarraren nazioarteko tributo batean ere parte hartu dute. Astearte honetan (urtarrilak 27), hain zuzen. Munduko 200 talderen artean aukeratuak izan ziren, nazioarteko beste lau talderekin batera.
Hernanin ere bai, Zikuñaga Metal Festen
Hernanin ere hiru kontzertu emanak dira Bloody Brotherhood taldekideak, «baina baldintza nahiko prekarioetan, ia ez baitago laguntzarik jaialdi txukunak antolatzeko», nabarmendu dute. Eta aurreratu dute, Zikuñaga Metal Fest jaialdian joko dutela aurten, Hernaniko Impio taldearekin eta beste talde gonbidaturen batekin.
Kolonbiako Oraculo aldizkariko portadan
Hainbat komunikabidetan agertu izan dira Bloodyren aipamenak eta aipatzekoa da Kolonbiako Oraculo aldizkarian egindako elkarrizketa, iazko urriaren 31n. Gainera, portada izan ziren! «Aldizkaria, webzine bat da 20 urte baino gehiago daramazkiena mundu mailako undergrounda lantzen. Eta ohore eta pribilegio bat izan zen elkarrizketa egitea eta beraien 20garren urteurreneko bilduman ateratzeaz gain, portada izatea. Sorpresa izan zen», azaldu dute.
Eskerrak ere eman nahi dituzte komunikabideek emandako laguntzagatik: «Underground talde batentzat oso garrantzitsua da horrelako laguntza izatea. Eskerrik asko talde guztiaren izenean».
TALDEKIDEAK
Nargalu (Imanol): Donostiarra naiz. 14 urte daramazkit gitarra jotzen. Bajua ere jotzen dut eta baita bateria pixka bat ere. Konpositorea, produktorea eta managerra naiz. Horrez gain, elkarte bat sortu dut beste musikari batzuekin: Music Resists. Irabazi asmorik gabekoa da, Gipuzkoako rock eta Metal taldeei laguntzeko sortua. Hainbat taldetan jo izan dut beti Metalarekin lotuta, Hardcore (Total Disaster), Grindcore (Tricotiodistrofia) eta Thrash (Genital Kostra), nahiz eta nere benetako pasioa Death Metala izan (Lepra, Incantatris eta gaur egun, Bloody Brotherhood).
Baalzemon Phobos (Pablo): Hernaniarra naiz eta orain dela 6 urtetatik Bilbon bizi naiz. 20 urterekin hasi nintzen gitarra jotzen eta nere lehenengo klaseak hartzen. 2003an Lord Zaebos eta Edurekin elkartu nintzen eta Impio taldea sortu genuen, gaur egun ere martxan dena. 2011n Bloodyn sartzea proposatu zidaten eta ez nuen bitan pentsatu.
Hammer Blast (Juan): Hernaniarra naiz eta duela 10 bat urte hasi nintzen bateria jotzen Zeck izeneko Metal talde batean. Banandu ginenean, estiloz aldatu nuen eta The Zepo rock taldean hasi nintzen. Lau urte zoragarri pasa nituen bertan. The Zepo utzi nuenean, pop-rock talde bat sortu genuen: Sindrome de Parker, eta aldi berean, Hernaniko tharsh metal talde batean sartu nintzen: Pandemia. Gaur egun ere jarraitzen dute. Urte batzuk pasata, metal musikara dedikatzea bakarrik erabaki nuen eta Sindrome de Parker utzi eta Bloody sortun genuen. Gaur egun, Bloody eta Pandemia taldeetan jotzen dut.