Ereñotzuko Santa Eskeak 50 urte betetzen ditu aurten. Ur Mia elkarteak antolatu ohi du eta 1965ean atera ziren aurreneko aldiz etxez etxe, eskean. Ur Mia 1962an sortu zen. Inaxio Santa Kruz ez zen aurreneko urteetan atera, oso gaztea baitzen artean, baina orain dela 42 urte anaiak eta biek ateratzea erabaki zutenetik, ez du bat ere fallatu: «18 urterekin hasi ginen santa eskean eta ordutik urtero atera izan naiz. Alerik ez dut fallatu».
Eta Santa Kruzek badu zeregin garrantzitsu bat: bakarlari edo solista gisa aritzen da: «6 bat urtera hasiko nintzen. Ordura arte Florian Oiarbide aritu izan zen. Baten batek egin behar zuen eta beti izan naizenez saltsero xamarra, animatu egin nintzen», azaldu du.
2-3 kopla, etxe bakoitzean
Santa Eskea nola izaten den azaldu dio Kronikari Santa Kruzek: «17:00ak aldera hasten gara. Etxez etxe joaten gara koplak kantatuz. 2-3 kopla kantatzen ditugu etxe bakoitzean. Nik, edo solistak, kantatzen dugu aurrena, eta gero koadrilak errepikatu egiten du. 25-30 bat lagun beti elkartzen gara. Gero, bertsolarien txanda izaten da. Azken urteetan, Aritz Zerain eta Unai Agirre aritzen dira. Saiatzen dira etxe bakoitzeko berexitasunak aipatzen eta saltsa pixka bat jartzen. Eta trikitilariak ere izaten ditugu. Miren Otxotorena aritzen da trikitixarekin eta Jon Mari Beasain panderoarekin.
Gaueko 22:00-22:30ak aldera bukatzen dugu. Loliren irrintzia lagun, Epele Etxeberriko etxeetara iristen gara eta handik Larre-Gainera igotzen gara. Han egiten dugu azken saioa. Eta ondoren txotx, eta afaria. Lehen soziedadean egiten genuen afaria, baina endredo pixka bat izaten zen eta lana arintze aldera, Larre-Gainera joatea erabaki zen, haiek ere prest azaldu baitziren laguntzeko. Egia esan, oso festa polita izaten da. Batzuk luzatu ere egiten dira».
25 bat saio
Ibilbidea ere azaldu du Santa Kruzek. Honakoa da, gaur egun: Pagoaga, Olazar, Pikoaga, Ugaldetxo, Agirreberri, Tximistaenea, Ubarroto, Abillats, Latxe, Juleneren etxea, Ereñotzu (4-5 saio), Legarretaenea, garai bateko perra tokia, Fagollagako Anton kalea, Lastaola ugaldetarrena, Goiko Lastaola, Epele Torre, Amona Margaritaren etxea, Borda, Irubide, Epele Etxeberriko etxeak eta Larre-gain.
Garai batean, Askatxutik abiatzen ziren eta handik, Benta Berri, Naparralde, Pagoaga... «Baserriak hustu egin dira eta horregatik ez gara hara joaten orain. Pena da». Ibilbidea, kotxeetan egiten dute.
Bigarren solista bat ere bai
Azkeneko dozenerdi bat urtean, Inaxio Santa Kruz ez da bakarrik aritu solista lanetan. Eñaut Agirre hernaniarrarekin banatu izan du zeregin hori eta beste lagun bat izatea asko estimatzen dela nabarmendu du Santa Kruzek: «Pixua egiten da bestela. Pentsa, 25 bat etxe eta bakoitzean 2-3 kopla, eztarrian notatzen da, bai!».
Eta bakarlari aritzeko besteren bat animatzea ere nahi luke: «Gazteren bat edo animatzea nahiko nuke. Urte asko dira dagoeneko eta erreleboa ere beharko dugu».
Dirua, beharra dutenentzat
Etxez etxe, dirua biltzen dute kantuaren truk eta diru hori bideratzen zaie beharra duten ereñotzuarrei. Jendeak oso ondo erantzuten duela dio Santa Kruzek eta eskerrak eman ditu: «Urtero jende leiala izaten da etxeetan. Gainera, askotan berandu iristen gara, Epele aldera, batez ere, eta zain egoten dira».
Pello Erroizenearekin, makilen ardura
Santa Eskean, beste lan bat ere baduela azaldu du Santa Kruzek: «Pello Erroizenearekin batera, makilak bildu eta banatzen ditut. Saio bakoitza bukatzean, makilak bildu eta furgonetan sartzen ditugu; eta hurrengo etxean, berriz banatu. Pello kopiloto etortzen da. Horretaz gain, Pello enkargatzen da urtero makilak txukuntzeaz. Eta orain, jubilatuta dagoenez, seguru kontu gehiagorekin txukunduko dituela». Izan ere, makila, txapela eta lepokoa Ur Mia elkarteak jartzen ditu.
Gaur egun, lau beteranok jarraitzen dutela gaineratu du: «Anaia Gregorio, Leandro Miner, Pello Erroizenea eta ni».
Santa Eskea martxan jarri zutenak, gogoan
Ereñotzuko Santa Eskea martxan jarri zutenak gogoan izan ditu Santa Kruzek: «Joxe Legarreta, Daniel eta Joxe Zerain, Antonio eta Joxe Mari Miner, Florian Oiarbide... izan ziren, besteak beste. Baten bat ahaztuko dut agian... Inaxio Zubeldia hernaniarra etorri zen erakustera. Makilaren erritmoa, koplak... Eskolan, apaizaren etxe azpian ematen zituen saioak. Manuel Huizi bertsotan hasi zen eta Zialtzeta trikitilari usurbildarra ere aritu zen urte askoan. Gero, bertako gazteak hasi ziren: Xabier Solano eta Jon Mari Beasain».
Hasierako urteetan, jendea motoan joaten zela kontatu du Santa Kruzek, «makilak bizkarrean hartuta».
Inoiz ez, hutsik
Urtero urtero, hutsik egin gabe atera direla Santa Eskean azaldu du Santa Kruzek: «Eguraldi txarraskoak tokatu izan zaizkigu, baina inoiz ez gara geratu atera gabe. Orain dela 3 urte sekulako elur pila egin zuen eta dudatan egon ginen, baina azkenean atera ginen».
Eta eguraldia tarteko edo beste arrazoiren bat tarteko, halaxe jarraitzea nahiko lukeela azpimarratu du: «Gabonetan aurten ez dira eskean atera eta pena izan da, hau behintzat mantendu dezagun».
Baserritarrez jantzi, eta lixto
Sata Ageda bezpera asteazkenean izango da eta gogoa duen edozein herritarrek hartu dezake parte. Baserritarrez jantzita azaldu besterik ez dagoela azaldu dute. Arratsaldeko 16:30etan jarri dute hitzordua Ur Mian.