Euskal Herriko kuadrilarik jatorrena osatzeko asmoz, Gu ta gutarrak saioan dabiltza Iñaki Lekuona hernaniarra eta Maider Salaberria goizuetarra. Bigarren edizioa da honakoa eta urtarrilean hasi ziren. 12 gazte dira, denera: 6 neska eta 6 mutil. Iñaki talde arrosean dago eta Maider talde urdinean. Maider, berez, talde arrosean hasi zen, baina aldatu egin zuten.
Bi astetik behin, asteburua pasatzen dute Morgako aterpetxean, Bizkaian. Ekintza desberdinak egiten dituzte bertan: goming, batukada, jokoak, parranda… Probak ere izaten dira eta horien arabera, puntuak lortzen dituzte. Horrela lortzen dute talde jatorra (irabazleak) edo talde satorra izatea. Elkarrizketa indibidualak ere egiten dituzte. Eta ondoren, platoan, asteburuan gertatutakoaz hitz egiten dute, nominazioak izaten dira…
Zer moduzko esperientzia izaten ari den azaldu diote Kronikari bi gazteek: «Gustora gabiltza. Egia da, dena ez dela dirudien bezala, baina bagenekien zertara gindoazen; reality bat da», dio Iñakik. «Kamarek errespetua ematen dute, oso arraro sentitzen zara hasieran, baina denborarekin ohitu egiten zara. Eta oso ongi pasatzen dugu. Momentuz, ongi moldatzen gara», gaineratu du Maiderrek. Azken batean, ondo pasatzeko eta esperientzia berri bat bizitzeko asmoz animatu direla diote biek. Aurreko edizioan bi bikote sortu zirela kontuan izanik, horrelako zerbaiten bila ere joan ote direna galdetuta, halaxe erantzun dute: «Nik argi daukat gauza pertsonalak ez ditudala bertan ateratzea nahi. Harreman bat izateko aukera badago, kanporako utziko nuke», dio Iñakik. «Gainera, oraingo edizioan aukera gutxi dago bikoteak sortzeko. Soltero gutxi zaudete», gaineratu du Maiderrek.
Berritasunak izango dituzte: Txurruren agurra, boto beltza...
Jatorrena eta nominatua
Astero, talde bakoitzeko jatorrena eta bina nominatu aukeratzen dituzte. Nominatuen artetik, berriz, bat aukeratzen dute kanporatua izateko. Iñaki, jatorrena izan zen aurreko astean eta Maider nominatua izan da bi astetan jarraian. Iñakik nominatu zuen Maider… «Deskartez egin nuen. Batzuekin piña egiten duzu eta zaila da aukeratzea. Amak ere esan zidan: Goizuetarra nominatu duzu? Ez ba, oso jatorra da!». Maiderrek ez duela gaizki hartu dio: «Egia esan, ez gara hainbeste ezagutzen eta deskartez dela ikusten duzu. Eta hemendik aurrera ere, nominatua aterako naiz beti. Izorratu egin naute taldez aldatuta. Berriena naiz eta gainera talde honetan, hiruk oso harreman estua dute».
Familian, sorpresa
Senideek berria nola jaso zuten ere azaldu dute bi gazteek: «Urte Zahar gauean esan nuen, kanpaikadak eta gero, eta ez zuten gustora hartu; anaiak behintzat ez zuen nahi. Gurasoek argi esan zidaten, erabakia nerea zela eta nik ikusteko, baina ondo portatzeko eta naizen bezala izateko; irekia», dio Iñakik. Maiderrenean, berriz, ondo hartu zuten: «Hasieran ez zidaten sinestu, baina ongi hartu zuten. Hori bai, anaiak ez zuen nahi, lotsa ematen ziola esaten zidan. Orain jarraitu egiten gaitu».
Jatorrenak izateko aukerak
Orain, astero aldaketak izango dira taldean: batzuk kanpora, beste batzuk barrura… Finalera iritsiko dira 12. Eta horietatik aukeratuko dira 6 jatorrenak. Eta gero, publikoak aukeratuko du denetan jatorrena. Iñakik bere burua ondo ikusten du oraingoz, jatorrenen kuadrilan sartzeko. Maiderrek zalantzak ditu: «Beti nominatua aterako naiz eta ez dakit zer gertatuko den…». Eta jatorrena izateko ze ezaugarri behar diren azaldu dute: «Pixka bat bizia izan behar duzu, mugitua. Eta gauzetan parte hartu».
Berritasunak ere izango dituzte datorren astetik aurrera: Txurruren agurra, boto beltza… Jarraitu nahi izanez gero, astelehenetik ostegunera, 21:00etatik aurrera, ETB 1en.