Futbola ekarriko du Hernanira Gure Esku Dagok, datorren asteartean. Solasaldia antolatu dute Biterin, Gaizka Garitano entrenatzailearekin eta Mikel Labaka futbolari ohiarekin: Gure herria jokoan. Iluntzeko 19:00etan izango da, eta irekia da.
Eibar futbol taldeko entrenatzailea da Gaizka Garitano, aurreneko mailan. Aurretik, futbolaria ere izan zen, Reala, Athletic, Eibar eta Alavesen aritua. Mikel Labaka, bere aldetik, Realeko jokalaria izan zen urte askotan, eta gaur egun, Sanseko bigarren entrenatzailea da.
Hernaniarren galderak erantzuteko prest
Hainbat gai landuko dituzte solasaldian: euskal herritarren erabakitzeko eskubidea, independentzia, herrigintza, hizkuntza, futbola... Horiei guztiei buruz duten iritzia eta ikuspuntua emango dute Labakak eta Garitanok. Gainera, hernaniarren galdera eta zalantzei erantzuteko prest egongo dira. Ander Txintxurreta izango da dinamizatzailea.
Argazki lehiaketan parte hartzeko, azken eguna
Bestalde, Hernaniko Gure Esku Dagok gogorarazi du, gaur dela azken eguna, argazki lehiaketan parte hartzeko. Urte Zahar egunean ametsen kriseiluak bota zituzten zerura, Atsegindegin eta Ereñotzun, eta horren harira antolatu dute lehiaketa.
Parte hartzeko, bi aukera: mezua idatzi hernanigureeskudago@gmail.com helbidera, edo whatsappa bidali 610 044 001 telefonora. Saria, bi lagunentzako otordua Fagollagan.