Martindegin lokala egiteko hitzarmena, aho batez onartua

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 29a

Lokal berria izango du Martin­degiko auzo elkarteak. Aho batez onartu zuen Hernaniko Udaleko plenoak, asteartean, Astigarragako Udala­rekin hi­tzarmena sina­tzea: «bi herrien arteko eremu publikoan eraiki nahi da lokala, eta horrek hi­tzarmena eskatzen du», azaldu zuen Luix Intxauspe alkateak. Hitzarmenaren arabera, bi Udalen artean finantzatuko dute eraikina, Astigarra­ga­koak jarriko ditu lurrak, eta auzolanean eraikiko dute.

Uraren araudia, behin betiko onartuta
Uraren araudiko aldaketa ere onartu zuen plenoak, behin betiko. Joan den azaroan, araudia aldatzea proposatu zuen Go­ber­nu Taldeak, ur mozketak zeudenean herritarrei behar bezala jakinarazteko. Aldaketa horri, alega­zio­ak aurkeztu zizkion oposizioak. Batzordean aztertu dira, baina Gobernu Tal­deak ez ditu onartu: «teknikoen txostenek diote, ez diotela ezer gehiago aportatzen araudiari».
Gauzak horrela, alegazioak atzera bota eta araudia behin betiko onartu zuen plenoak, Go­ber­nu Talde­a­ren aldeko botoekin, eta oposizioaren kontrakoekin.

Uraren araudia ere onartu zuen plenoak, behin betiko, oposizioaren kontrako botoekin.

Hiru mozioak, onartuta
Jarraian, hiru mozio aurkeztu ziren, eta hirurak onartu ziren aho batez. Aurrenekoak, PSE-EEk aurkeztua, Parisen Charlie Hebdo aldizkariak jasandako erasoa kondenatu, eta giza eskubideak eta adierazpen askatasuna babesteko dei egin zuen. Bigarrena onartuta, Uda­lak konpromezua hartu zuen, kontra egiteko merkatal erregistroak pribatizatzea proposa­tzen duen Errege Dekretuari.
Eta hirugarrenarekin, eskatuko dio barne ministerioari, Hassanna Aaliaren asilo politiko eskaera errebisatu eta nazioarteko babesa emateko.

Gobernu Taldearen erantzuna, EAJ eta H1en Jasota Bezalari
Plenoa bukatzeko, Gobernu Tal­deak erantzun nahi izan zion, EAJk eta H1ek Kronikan argitaratutako Jasota Bezala bati: «egia da kasu batzuetan ez dela kontratazio prozedura bete, deskoordinazioa edo urgentzia tarteko. Baina ez dugu uste horrek zalantzan jartzen duenik Gober­nu Taldearen zintzotasuna. Gaindimentsionatu egin duzue gaia, eta hori komentatzeko Batzordeak daude».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!