Hernanin izan zen EAJko Izaskun Bilbao europarlamentaria, ostiral arratsaldean, eta azaldu zuen zein den, bere ustez, bide egokiena Euskadi Europako nazio izatera iristeko: «ekonomia eta giza garapenean oinarritutako euskal bidea jarraitu behar dugu, horiek baitira munduan zehar identitatea emango diguten oinarriak».
«Dena estaltzen zuen indarkeria desagertuta», azaldu zuen Bilbaok, «Europan argi gelditu da Euskadi erreferentea dela eta interesa sortzen duen garapen eredua daukala». Argitu zuen, hori guztia lortu dela EAJk eta euskal gizarteak azken 30 urteotan egin duten lanari esker.
Helburu nagusiak: ekonomia suspertzea eta langabeziaren aurka ekitea
Bilbaok azaldu zuen, halaber, ekonomia suspertzea eta langabeziaren aurka ekitea direla bere helburu nagusiak: «pertsonak erreskatatu eta austeritatearekin amaitu nahi dugu; Europako giza eredua eta geure identitate propioa defendatu nahi ditugu Europako erakundeetan».