Gizarte laguntzak izango dira gai nagusia, AMHER SOS Arrazakeriak antolatu duen hitzaldian: Gizarte laguntzetarako eskubidea. Biterin izango da, gaur iluntzeko 19:00etan, eta bi hizlari ariko dira: Iñaki Uribarri eta Agustin Unzurrunzaga.
Uribarri, ekonomista, sindikalista eta Eskubide Sozialen Aldeko Plataformako kidea da. Unzurrunzaga, berriz, Gipuzkoako SOS Arrazakeria taldeko kidea da.
«Gizarte laguntzena oso zurrumurru zabaldua da»
Landuko duten gaia, oso zabalduta dago Gipuzkoan: «probintzian oso zabalduta dagoen zurrumurrua da gizarte laguntzena. Eta orain, kanpotarrei oso modu negatiboan eragiten dien zurrumurru hori, proposamen politiko bilakatu da, politikari arduragabe batzuen eskutik», dio AMHERek.
Desoreka legala ezarri nahi dutela salatu dute: «proposamen horiek aurrera eramaten badira, babes sozialean atzera egingo dugu. Eta orain arte berdintasun legala zegoen tokian, desberdintasuna ezarri nahi dute, populazioaren zati bat babesgabe utziz». Nabarmendu dute, ezinbestekoa dela babes zibileko sistema on bat izatea, gizarte moderno batean.
Nola konpondu egungo babes sozialeko sistema?
AMHERek azpimarratu du, egungo babes sozialeko sistemak akatsak dituela, eta konpondu egin behar dela. Baina nola? Horretaz ariko dira gaurko hitzaldian. Herritar guztiak gonbidatu dituzte, bertara azaltzera.