«Helburu bakarra oposizioaren ibilbidea zikintzea da»

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 28a

Ubarburu poligonoko kasua­ren harira, Gobernu Taldearen kritikei erantzun dio H1!ek, prentsa ohar bidez: «Pabiloi batzuk eraikitzeko, 2005ean emandako lizentzia bat medio, Bilduk bere balorazioa egin zuen eta aprobetxatu zuen ohi ko kalumniak zuzentzeko eta bere mendeku jarrera azaltze­ko oposizioaren eta aurreko Gobernu Taldearen aurka. Bilduk honako adjetiboak zuzentzen dizkigu: zentzugabe­keria, hekatonbe ekonomikoa, gehiegikeria urbanistikoak, itolarri ekonomikoa… Eta helburu bakarra, oposizioaren ibilbidea zikintzea da», dio.
Bilduk, lezio etikorik ez duela onartuko esan arren, lezioak ematen jarraituko dutela gaine­ratu du H1!ek, «partidu honek giza duinta­suna zapaltzen jarraitzen duen bitartean, Mikel Zabalaren kasuan argi ikusi den bezala». Eta jarraitu du: «Bilduk dio H1!-EAJk sekulako opariak egin dituztela kalte-ordainekin. Beste behin, Elgopebi kasuaz ari dira, epai  guztiak Bilduren iritziaren kontrakoak izan diren arren. Ezker abertzalea bera da ehundaka mila euroko kalte ordainak sortu dituena kasu honen inguruko gestio “txapu­ze­roa” tarteko, epai horiek argi adierazten duten bezala. Eta ezker abertzale honek ordaindu beharko ditu, herritarron dirua erabiliz, “acción de regreso” prozesuko gastuak».
Gardentasuna ere aipatu du H1!ek: «Gardentasunaz hitz egi­ten dute harro. Hain gardenak baldin badira, zergatik ez dute udaleko web gunean kasu honen epaia argitaratzen, H1!etik hainbestetan eskatu diegun bezala?».

«Plan Generala erabiltzen ari dira»
Plan Generalaren inguruan ere hitz egin du H1!ek: «Bilduk dio nekatuta eta nazkatuta daude­la hainbeste energia eta Udal baliabide gastatu behar izatea­gatik, H1! eta EAJko Gobernu Taldeek sortutako zentzugabe­keria urbanistikoak konpon­tzen. Hori diote kalumnia­tan oinarritutako kanpaina bat sortu zutenek H1! Eta EAJren Gobernu Taldeak onartu zuen Plan Generalaren aurka, eta momentu honetan, Plan General  hori erabiltzen ari direnak, beraiek ez baitaukate herri eredurik».
Eta gaineratu dute: «Plan General bat onartzeko bai gastatzen direla energia eta udal baliabideak. Bilduk merezi duen Plan Generalen bat onartzen duenean, orduan izango du hitz egiteko aukera herriagatik energia gastatzen duela esanaz eta ez bere kontra, orain egiten duen bezala».

«Udal foroetan parte hartzen dugu»
Honakoa ere kritikatu diote Gobernu Taldeari: «Esaten dute Hamaikabatek eta EAJk saihes­tu egin nahi dutela, behin eta berriz, oinarrizko eztabaida politikoa Udal foroetan. Oina­rri­rik ez duen beste adierazpen bat da, izan ere, Udal foroetan parte hartzen dugu eta beraie­kin eztabaidatzen dugu gai guztien inguruan. Ez duguna egingo da, Bilduk egiten duen Udal institu­zioen intrumentali­zazio parti­dis­tan parte hartu. Bere iruzur politikoen zerbitzu­ra jartzen dituzte Udal institu­zioak, irai­nak, mehatxuak eta derrigor­tasuna oinarri izanik, adieraz­pen askatasuna eta pertsonen duintasuna sabotea­tuz». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!