Auzolana gaur zortzi, Putzuzar iturria eta putzua berreskuratzeko

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 24a

Aranzadik, Ereñotzuko Auzo Udalaren babesarekin, auzolana antolatu du gaur zortzi (urtarrilak 31). Putzuzar iturria eta putzua berreskuratzeko eta bi putzu txiki egiteko izango da. Ziraba proiektuaren barruan antolatu dute. Putzuzar, Ereñotzuko Akola baserriaren ondoan dago, eta berau berreskuratzeaz gain, aintzinako hainbat lan, tresneria eta teknika gogoratuko dituzte ekimen honekin. Beraz, kultura berreskuratzeko modu bat izateaz gain, biodibertsitatearen hobetze nabarmena ekarriko duen ekintza izango dela azaldu dute Auzo Udaletik. Urumea bailaran, anfibio eta narrastiak ugaritzeko eta putzu sarea osatzeko egingo dira bi putzu txiki horiek.

Ganaduarentzako, arropa garbitzeko…
Putzuzarreko iturri zaharra, Ereñotzu auzoko Akola izeneko gunean dago kokatua; atsedenlekutik 25 metro eskasera. Pu­tzu­zarrekoa, iturri naturala da, berez sortzen dena lur azpitik. Ganaduarentzako ura edateko gunea ez ezik, arropa garbitzeko gune moduan, harraska mo­duan ere erabili izan da, bai eta etxerako ur hornidurarako ere.
Putzuzar ondare kultural eta historikoaren parte da, izan dituen erabilerak, eraiki­tzeko baliatu diren teknika zaharrak eta berari loturiko istorioak direla eta. «Berre­rai­ke­ta prozesuan, ahal den heinean, garai bateko teknikak aplikatzeko asmoa dugu, in­gu­ruetako harri, lur eta egurra erabiliz, beti ere iturri eta ur geldiuneen egitura zaharrak errespetatuz», azaldu dute ekimenaren arduradunek.

Auzolana larunbatean izango da (10:00), bilera ostegunean (19:00) eta izena emateko azken eguna, osteguna.

Desagertzeko arriskuan dauden hitzak: ‘Gobara’, ‘kuela’, ‘zotala’…
Berreskurapen ekintza hauek Ziraba proiektuaren barruan egingo dira, eta Burbunak eta Etsayak ekimeneko laguntza izan dute hizkuntza eta gai etnografikoak tarteko. Izan ere, Burbunak eta etsayak egitasmoak jakin ahal izan du putzuzarko iturriak bertako biztanleen­tzat izan duen garrantzia, Putzuzar inguruko baserrietan egindako elkarrizketen bidez. Era berean, Putzuzarri loturiko istorioetatik hainbat hitz ere bildu ahal izan dituzte, hauetako asko egungo euskeran ia erabilerarik ez dutenak eta desagertzeko arriskuan direnak, egungo gizarteko gizakia eta naturaren arteko lotura falta dela eta. Hitz horien artean leudeke, esaterako, Maialen Lu­jan­biok 2009ko bertso finalean kantatu eta famatu egin zueneko “gobara” edota  “gobarriya” edo “gobara-harria”, “kuela”, “zotala”, “ingela”, “zapottikiya”, “lauhankekua”... etabar luze bat.

Ondare kulturala berreskuratuz, ondare naturala indartu
Ondare Kulturala berreskuratuz ondare naturala indartu nahi dute ekimen honekin: «Honela putzuzarko guneak garai hartan zuen itxura berreskuratuko du, bertako bioaniztasunari mesede eginez eta gure ondare ez materiala aintzat hartuz», azaldu dute.
Esan bezala, auzolana datorren larunbatean egingo da, otsailaren 2an Hezeguneen Nazioar­teko Eguna ospatzen dela aprobetxatuz. Ereñotzuko Auzo Udalak dei egiten die inguruko auzotarrei eta herritar guztiei parte hartzeko, herritarrak beraien ondarera gertura­tzeko modua izango baita.

Azalpenak emateko, hitzaldi-bilera eta bideoa
Auzolanaren aurretik, ostegunean (urtarrilak 29) hain zuzen, hitzaldi-bilera antolatu dute helburuei eta lana egiteko moduari buruzko azalpenak emateko. Arratsaldeko 19:00etan izango da Ereño­tzu­ko Auzo-Etxean. Putzuzar be­rreskuratzearen helburuez eta auzolanaren antolaketaz ari­ko dira. Aranzadiko Ion Gari­nek eta Iñaki Sanz-Azkuek emango dituzte azalpenak. Bileran bertan, bideo bat emango dute, Akola baserrikoei tokian bertan egindako grabaketaren zati bat emango dute. Hitzaldia irekia da, interesa duen edozeinentzat.

Auzolanera joateko, izena eman
Auzolanerako hitzordua 10:00etan jarri dute Akolako atsedenlekuan. Oinez joateko gomendatzen dute, ez baitago kotxe askorentzat aparkalekurik bertan. Aitzurrak eramatea ere eskertuko dute, haurrentzat batez ere.
Bestalde, auzolanera joan nahi duenak izena eman beharko du, asegurua kontratatzeko. Hamaiketako txiki bat ere izango da. Izena emateko, osteguna (urtarrilak 29) da azken eguna. Auzo Udalera hots egin behar da (943 55 10 00) edo hitzaldian esan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!