Hamalau puntu eztabaidatuko ditu gaur Udaleko plenoak, iluntzeko 19:00etan. Horien artean landuko dituzte, besteak beste, Martindegiko auzo elkartearen lokalari dagokiona, uraren araudiaren onarpena eta 2015eko autobusen tarifen berri ematea.
Lokala eraiki nahi dute Martindegi auzoan, bertako auzo elkarteak erabili ahal izateko. Horretarako, lankidetza hitzarmena egin dute Hernaniko eta Astigarragako Udalek. Akordio hori onartzea eztabaidatu eta bozkatuko du plenoak, gaur.
Martindegin lokala egiteko, Hernani eta Astigarragako Udalen lankidetza hitzarmena bozkatuko da gaur.
Uraren araudia, behin betiko onartzea
Ura arautzeko Udal Araudia ere ekarriko dute plenora, gaurkoan. Urriak 1eko ur mozketaren harira, eztabaidagai izan da Udalean, zein neurri hartu behar diren, herritarrei behar bezala jakinarazteko.
Araudia aldatu zuten, baina alegazioak aurkeztu zituen oposizioak. Alegazio horiek aintzat ez hartu, eta araudia behin betiko onartzea bozkatuko dute.
Halaber, 2015eko autobusen tarifen berri emango dute. Eta mozio bat ere aurkeztuko dute, Hassanna Aaliarentzat asilo politikoa eskatuz.