Sinadura bilketa jarri da martxan www.avaaz.org webgunean, Hassanna Aalia, Hernanin bizi den sahararrari babesa emateko.
Hassanna Aalia Mendebaldeko Sahara Okupatuan jaio zen, duela 27 urte. Gazte-gaztetatik aktibista bakezalea izan da, herri sahararraren giza eta erabakitze eskubideen aldeko lanean aritua. Hain zuzen, ekintza baketsu horietako bat dela eta, bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion Marokoko Auzitegi Militarrak 2013ko otsailean.
Ordurako Euskal Herrian zegoenez, asilo politikoa eskatu zuen. Pasa berri den astelehenean, ordea, Espainiako Estatuak ukatu egin dio asilo politikoa luzatzea. «Espainiak Maroko babesten jarraitzen du, interes ekonomikoak medio. Lotsagarria da, baina interes ekonomikoak giza eskubideen gainetik daude». 15 eguneko epea du lurraldea uzteko. Hori horrela, errekurtsoa jarriko du Audientzia Nazionalean, eta bitartean, sinadura bilketa jarri da martxan.
Gdeim Izik kanpamenduko protesta bakezalearen ondorioa
2010eko urrian Gdeim Izik kanpamendu librea eraiki eta sustatzeagatik epaitu dute Hassanna Aalia, beste hainbat zibilekin batera.
Aaiun Mendebaldeko Sahara Okupatuko hiriburua da, eta handik 15 km-tara eraiki zuten kanpamendua, 2010eko urriaren 10ean. «Hiriburutik atera eta Gdeim Izik, duintasunaren kanpamendua eraiki genuen desertuan. 20.000 saharar inguru elkartu ginen; gizon nahiz emakume, helduak eta umeak. Aurreneko aldiz libre izan ginen. Kanpamendu horretan gure Haimen azpian ginen, gure artean antolatuta ginen, sahararrak elkartuta ginen... Desertua denez, nahiz eta lurralde okupatua izan, han ez dago autoritate marokoarrik. Baina azaroaren 8an Marokoko militar eta gendarmeak sartu ziren modu oso bortitzean, mota guztietako armekin, airetik ere denetik botatzen, Haimak erretzen...».
Ondoren, atxilotua
Horrez gain, Aaiunen ere sartu zirela salatzen du Hassanna Aaliak.
«Militarrak Aaiunen ere sartu ziren, jendea erail eta atxilotu zuten. Asko kartzelara eraman zituzten, eta han torturatu egiten dituzte. Nere bila ere etorri ziren, azaroaren 9an. Ni, ordea, gordeta nengoen. Bi hilabeteren buruan, gordeta egoteaz nazkatuta, bizitza publikora itzuli nintzen, eta atxilotu egin ninduten. Hiru egunez torturatu ninduten, eta ondoren, epaiketa zibil batean, exekutatu beharrik gabeko lau urteko kartzela zigorra ezarri zidaten».
Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan zehar, kontzientziazio lanean
Epaiketa atzean utzita, Euskal Herrira etorri zen 2011n, lurralde okupatuko aktibista gazteentzako formazio beka batekin. Hemen zegoela jakin zuen, 2013ko otsailean Marokoko Epaitegi Militarrak bizi osorako kartzela zigorra ezarri ziola, beste 25 zibilei bezala. Horregatik, asilo politikoa eskatu zuen.
«Zibilen kontrako epaiketa militarra izan da, fartsa hutsa, probarik gabea. Nere bost kidek torturak, eta bidriozko botilekin biolatu izana salatu zuten fiskal, epaile eta nazioarteko behatzaileen aurrean». Ordutik Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan barrena hainbat hitzaldi eman ditu, kontzientziaziorako. Ikaragarri eskertzen du jasotzen ari den babesa.
Asteartean kontzentrazioa
Hernaniko Saharar Herriaren Aldeko Lagunek mozioa aurkeztuko dute astearteko Plenoan, eta gero, kontzentrazioa deitu dute, 20:00etarako.