«Hemen, hoberenak garela uste dugu; ateratzean konturatzen zara, zurea bezain ona dela hangoa»

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 24a

Urteak daramazki Lurdes Gome­zek kanpoan, Hernanitik urrun: «15 behintzat badira». Hamaika herrialde ezagutu eta ehundaka esperientzia bizita, Nazio Batuen Erakundean (ONU) egiten du lan orain. «Denetik egin behar izan dut», dio Gomezek, «lurrikarak, erupzioak, hurakanak, gatazkak... tokatu zaizkit, egon naizen lekuetan». Guzti horrek umilago egin duela onartzen du: «munduan puntu txiki txiki bat zarela ikusarazten dizu».

Harritu egingo zaizu jendea, ONUrentzat lan egiten duzula jakitean...
Bai, ez dakitelako benetan zer egiten dugun. ONUren alde konplexuena eta itsusiena ikus­ten da beti, baina beste gauza asko egiten ditugu. ONUren aterpean agentzia asko daude, eta nik horietako batean egiten dut lan, PNUD (Programa de las Naciones Unidas para el Desarrollo). Garapen eremuan egiten dut lan, herri ez garatuetan. Presentzia daukagu herri askotan, gai desberdinak lantzeko: ingurumena, bakea, segurtasuna, genero berdintasuna... Eta txirotasuna, noski.

«Kuban eman ditugu urte gehien, eta oso lan polita izan zen. Kuba bihotzean daramakigu; bertan ikasi genuen zer diren errespetua eta dohaintasuna».

Nola iritsi zinen ONUrentzat lan egitera?
Oso bide luzea izan da. Txikitatik aritu naiz auzolandegietan, bolondres bezala eta beste hamaika kontutan. Gero, Erasmus bekarekin Londresen nengoela, beste herrialdetako jendea ezagutu nuen, eta eskaini zidaten Perura joatea, gazteekin eta prebentzio arloetan ibiltzeko. Nire bokazioa zen, eta hara joan nintzen, Iosu bikotekidearekin. Bukatzean, berriz, Kubara joateko beka bat eskaini zidaten. Han kointziditu nuen euskal aktore pila batekin, ONUko programa batekin zeudenak. Eta esan zidaten, lanpostu bat libre zegoela programa horretan, eta ea animatzen nintzen. Lekuko garapenean egiten zuen lan programa horrek, komunitateekin... Asko gustatu zitzaidan, eta baietz esan nuen.


Kuban bertan eman duzu urte gehien.
Hala da. Aurrena, urtebete egon nintzen bekarekin. Gero El Salvadorrera mugitu ginen, eta berriro Kubara bueltatu. Beste zazpi urte eman genituen, blokeoaren oztopoak eta alde txarrak kontrastatzeko lanetan, herriaren beharrak asetzeko ahaleginetan. Oso lan polita izan zen, eta Kuba biho­tzean daramakigu. Han ikasi genuen zer diren errespetua eta dohaintasuna. Kooperante askorik ez zegoen Kuban, eta erronka haundiak izan genituen. Asko ikasi genuen; ohorea izan zen Kuban aritzea.

Toki gehiagotan egon zara?
Bai, Kubatik Kolonbiara mugitu ginen, ART (Articulacion de Redes Territoriales) programarekin. Gatazka zegoen zonalde batean egon ginen, biktimekin, emakumeekin edota nekazariekin lanean. Oso gogorra izan zen, baina aldi berean, oso aberasgarria. Eta hortik, Ginebrara aldatu ninduten, ART programa koordinatzen den tokira. Harreman zuzenetik, jendetik gertu egon eta eskuak zikintzetik, lan desberdin bat egitera pasa nin­tzen. Ikuspegi global batetik lantzen duzu dena, eta aurretik bizitakoak asko lagundu zidan, leku bakoitzean dauden beharrak ezagutzeko.

«Uste dut gauzak aldatu behar direla ONUren barruan. Herri guztiei eman behar die ahotsa, eta eskubideengatik benetan lan egin».

Ekintza humanitarioak ere egin dituzue, ezta?
Zenbait hondamendi tokatu zaizkigu, egon garen tokietan. El Salvadorren, bi lurrikara gertatu ziren; Kolonbian, sumendi batek erupzioa izan zuen; Kuban, berriz, hurakanak tokatu zitzaizkigun… Denetik egin behar izan dugu.

New Yorken zaude orain. Aldaketa haundia izan da?
Herri mailatik nentorren, komunitateetan lanean aritzetik, eta oso inpresionantea izan zen, ONUren New Yorkeko egoitza ezagutzea. Gero ohitu egiten zara, baina hasieran... Erakundea barrutik ezagutzeko aukera eman dit. Bertatik, herrialde guztiekin egiten da lan: aholkularitza, tokiko bulegoen beharrei erantzun… 
Horretaz gain, lanean ari gara kontu lokalak sartzeko politika globalean. Izan ere, horretaz ahaztu egiten dira; denek ez dute onartzen lokalak paper garrantzitsua jokatu behar duela. Eta guk uste dugu, maila lokalean gertatutakoen erabakiak, maila lokalean hartu behar direla. Edo gutxienez, lokalekoek hitza izan behar dutela, erabaki horietan.

Eta gelditzeko astirik gabe, berriz aldatuko zarete lantokiz…
Garai berri bat hasiko dugu, oraingoan Panaman. Hala ere, Tokiko Garapenarekin jarraituko dut lanean. Latino­amerika osoa eta Karibea lan­tzen dira bertatik. Kontua da, errestrukturazio bat izan dela, eta funtzioak deszentralizatu direla. New Yorketik aritu beharrean, zentro erregionalak indartu dira. Beraz, mundu mailatik erregionalera pasako gara. Herriekin lan gehiago egingo dugu zuzenean: zerbait behar dutenean, bertan egongo gara. Herrien eta New Yorken arteko zubi lana egingo dugu.

Zer motatako eragileekin egoten zara harremanetan?
Herri batean zaudenean, tokikoekin egiten duzu lan eta negoziatu: alkateak, gobernadoreak, gizarte taldeak, emakume erakundeak, gazteak, ministerioak… New Yorken, dena askoz burokratikoagoa da. Ministerioekin edo alkateekin negoziatzen dugu, nagusiki. Herriekin harremanetan, Skype erabiltzen dugu asko. Eta egoitzan bertan, bilera pila bat egiten dira.

Badago rutinarik, zure lanean?
Herri mailan, egun bakoitza mundu bat da, ezin duzu ezer aurreikusi. New Yorken bada rutinarioagoa, ordenagailu aurrean egiten baitugu lan asko. Baina beti daude ezustekoak, eta alde batetik bestera ibili behar dugu. Ez gara aspertzen.

Nolakoak dira ONUren langileak, New Yorken?
Ba horretan sorpresa hartu nuen! Oso jende serioa espero nuen, baina ez. Jende gaztea eta jatorra da, eta bereziki, interkulturalitatea nabarmenduko nuke. Horrek oso abera­tsa egiten du taldea, baina ba­tzuetan, oso zaila ere bai. Izan ere, gaizki ulertu haundiak gertatzen dira. Hala ere, multikulturala dena oso beharrezkoa da, denen interesei begira dagoena. Horregatik, usted dut komeni dela boterea horizontalagoa izatea, ONU demokratikoagoa izateko. Batzarrari emango nioke boterea, bertan herri guztiak daudelako ordezkatuta, eta Segurtasun Kon­tseiluari kendu. 

ONU oso kritikatua izaten da maiz…
Oso kritikatua da, bai, baina ONU oso haundia da. Adar asko dauzka, agentzia asko bere aterpean… Gainera, erakundearen Batzar Nagusiaren mekanismoa oso demokratikoa da. Hala ere, uste dut gauzak aldatu behar direla ONUren barruan. Berez, bakea eta segurtasuna berma­tzeko dago, baina ez du egiten. Herri boteretsuenek daukate botere gehien, erakundearen barruan ere, eta horrek ez luke horrela behar. Herri guztiei eman behar die ahotsa ONUk, eta eskubideengatik benetan lan egin, baliabideak emanez horretarako.
Zure lanak asko aldatu dizu ikuspegia?
Beste herriak, kulturak, ikuspuntuak… ezagutzeak asko aldatu du nire ikuspegia, bai; bidaiatzeak eta mundu asko ezagutzeak. Hemen, hoberenak garela uste dugu, eta ateratzean konturatzen zara, zurea bezain ona dela hangoa. Bestea ez juzgatzen ikasten duzu, irekiagoa egiten zaitu, laguntzen dizu dena txuri edo beltz ez ikusten. Eta umilago egiten zaitu, munduan puntu txiki txiki bat zarela ikusarazten dizu.


Diapositibek markatu zuten bidea

Ikastolan zegoela aukeratu zuen bere bidea Lurdes Gomezek, Latinoamerikan egondako batzuen diapositibak ikusten.

«Lotsa pixka bat ematen dit kontatzeak», onartzen du Lurdes Gomezek, gizarte lanetan aritzeko gogoa nola piztu zitzaion galdetuta: «ikastolan izan zen. Latinoamerikan lan humanitarioetan aritutako batzuek diapositibak jarri zizkiguten. Eta etxera iristean, amari esan nion hori egin nahi nuela nik ere». 
Ordutik, lankidetzan aritu da beti, gizarte ekitatibo bat izateko gogoz. «Intuizioa izan zen», dio Gomezek, «baina gero asko ikasi behar izan du, asko irakurri». Hala ere, horretan aritzeko interesa dutenak animatu nahi ditu: «esango nieke, bere intuizioari jarraitzeko. Benetan nahi izatea da klabea. Ez duzu prestigioagatik egin behar. Sentitu egin behar duzu».

«Bereziki gustatzen zitzaidan psikologia soziala eta komunitarioa»
Psikologia ikasi zuen Lurdes Gomezek, Donostian. «Bereziki gustatzen zitzaidan psikologia soziala eta komunitarioa», nabarmendu du. Erasmus bekarekin joan zen Londresera, eta han hasi zuen, New Yorkera eraman duen bidaia luzea. Gero, Kooperazioko masterra egin zuen, eta Kuban egin zuen tesia. «Baina ikasi, lanean hasten zarenean ikasten duzu gehiena», argitu du.

Bolondres bezala ere bai, New Yorken
Bolondres gisa hasi zuen ibilbidea Gomezek, eta horrela ere aritu da New Yorken: «paperik ez dutenei laguntzen dien alberge batean aritu gara, Zaragozako gizon baten proiektu sozialean. 30 urte daramazki Javierrek besteei laguntzen, eta kriston inspirazioa izan da guretzat. Albergean ezagutu dugu benetako New York, sekulako esperientziak bizi dituen jendea; kapitalismoaren aurpegi itsusia eta krudela». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!