Jabi Loiarte Astigarragako baserritarretako bat da. Lizardi baserrian, barazki ekologikoak produzitzen ditu Jose Antonio Olanorekin batera. Udalaren ekimena oso positiboa izan dela azaldu dio Kronikari. «Positiboa dela iruditzen zaigu, gurekin kontatzea eta ikusgarri egitea gure jarduera».
Hiru bileretara joan direla gaineratu du eta oso interesgarria egin zaiola landutakoa: «Ni lehenengo bileran izan nintzen eta ikusi dudanagatik, ez da kanpora begirako ekimen bat, irudi ona emateko asmoz egina, Udalak benetako interesa daukala iruditzen zait. Proiektua ez da berria, baina geldirik egon da. Proiektua zein izango den azaldu ziguten eta guk ze arazo dauzkagun azaldu genizkien. Besteak beste: Santiomendiko baserritarrek azaldu zuten bideak konpontzeko laguntza behar zutela, baita bideak garbitzeko ere… Nik komentatu nien mekanismoak jarri behar zituztela espropiazioen aurrean, babesa emango digun zerbait behar dugula, patrimonioa garelako, eta halako obren aurrean ez dugu zer eginik izaten».
Hasiera zaila, baina orain, gustora
Lizardi barazki ekologikoak, orain dela 13 urte jarri zuten martxan. Halaxe azaldu du Loiartek: «Joxanen, nere koinatuaren aita hil egin zen eta berak proposatu zidan baratzean lanean hasteko. Aldaketa egin, baratza konbentzionala utzi, eta ekologikoarekin hastea pentsatu zuen. Joxanen ideia izan zen; ni kalekumea naiz. Joxan Nafarroara joan zen ikastera Agustin Beroizekin, eta nik Fraisoron ikastaro bat jaso nuen. Gure lanak utzi eta halaxe hasi ginen».
Eta ez dela damutzen argi utzi du: «Hasierako urteak zailak izan ziren: tokia egin behar duzu merkatuan, ezagutzera eman behar zara, produkzioa orekatzea ere lortu behar duzu… baina orain oso gustora gaude». Garaian garaiko barazkiak izaten dituzte; denetik.
«Joxanen, nere koinatuaren aita hil egin zen eta Joxanek proposatu zidan baratzean lanean hasteko. Aldaketa egin eta ekologikoarekin hasi ginen»
Ekologikoarekin konbentzituta
Produktu ekologikoak gaur egun harrera ona du eta asko zabaltzen ari da eredu hori, baina orain dela 13 urte, zalantzarik ez ote zuten galdetuta, halaxe erantzun du Loiartek: «Amona Mari Karmenek zuen batez ere beldurra. Konbentzionalarekin aritu ziren ordura arte, bazuten beren lekua merkatuan, eta zerotik hasi behar zen ekologikoarekin. Gu, ordea, konbentzituta geunden. Nik ere argi ikusten nuen. Ni kalekumea izanik, lehenengo kontaktua baratzarekin izan nuen, aitagin-amaginarrebari laguntzera joan nintzenean, eta botatzen genizkien produktuak ikusita, pentsatu nuen: eta gero hau guk jan behar dugu? Ez zen logikoa. Eta zerotik hasi ginen, baina demanda bazegoen eta joaten ginen lekuan ateak irekitzen zizkiguten: belar dendatan, Otarra elkartean ere sartu ginen…».
Barazki ekologikoak produzitzeak ez duela zailtasun berezirik dio Loiartek: «Lurra zaintzea da kontua. Lurra ondo elikatua baldin badago, janaria baldin badauka, ez dago arazorik. Gaitzak eta erregulatzen dira. Bareak eta karakolak dira arazo gehien ematen dutenak. Borroka horiekin daukagu. Baina ikasi egiten duzu nola funtzionatu, aurre egiteko». Urtean pare bat aldiz egiten dizkiete kontrolak.
San Martin azokan, kontsumo taldeak...
Donostiako San Martin azokan daukate postua Loiartek eta Olanok. San Martin zaharrean hasi ziren, azken urtean, hain zuzen. Postua konpartituz egin zituzten bizpahiru urte eta egun postu propioa daukate. Goizetan aritzen dira 14:00ak arte. Oso azoka ona dela nabarmendu du Loiartek: «Oso ondo funtzionatzen du. Merkatu ona da, ondo kokatua dago eta Donostia bezalako hiri batean, eskaera badago».
Horrez gain, bi kontsumo talde ere badauzkate Donostian. Talde batean 60 pertsona daude, eta horietatik 4, Astigarragakoak dira. Astigarragan bertan jasotzen dituzte barazkiak. Eta beste taldean, 30 pertsona daude. Astigarragako denda batzuetara ere bideratzen dituzte beraien barazkiak.
Lau lagun lanean
Koinatua eta biak hasi ziren negozioarekin eta gaur egun, lau pertsona aritzen direla azaldu du Loiartek: «Langile bat dugu ekuatoriarra; Miguel. Orain dela 6-7 urte hasi zen. Eta gero, amona aritzen zaigu beti laguntzen. Sekulako sasoia dauka eta garai batekoek lanerako duten indar hori mantentzen du; gu alperragoak gara!», dio barrez.