Baserritarren %81ak erabiltzen du diru iturri gisa baserriko jarduera

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 24a

Udalak, Astigarragako baserritarren egoera sozioekonomikoa aztertu du. Txosten bat egin du, Behemendiren bidez. Gaizka Irigoien Nekazal Ingeniari teknikoak egin du, hain zuzen. Bertan, azaltzen dira Astigarragako baserritarrek bizi duten egoera, ateratako ondorioak eta egoera hobe­tzeko proposamenak. Udalaren web orrian dago txostena eskuragarri: www.astigarraga.eus. Sektorearen egoera hobetzeko nahia, ez da berria eta Baserritarren Mahaia martxan jarri zen 2013an, Goldea taldeak egindako eskari bati erantzunez. Goldeak, herriko baserritarrek eta Udalak osatzen dute, besteak beste. Horren emaitza izan dira azterketa sozioekonomikoa eta egiten ari diren bilerak.

42 baserritatik, 23 bizi dira nekazal jardueratik bakarrik
Bildutako datuen arabera, Asti­ga­rragako baserriak nekazal jardueratik bizi dira, orokorrean. Astigarragan 42 baserri daude eta horietatik 23 (%55), nekazal jarduerak emandako etekin ekonomikoetatik bakarrik bizi dira; 11 baserritan (%26), berriz, bigarren mailako jarduera eta diru sarrerak dira; eta gainontzeko 8 baserriak (%19) autokontsumorako dira eta on­do­rioz, ez dira nekazaritzatik bizi.
Baserritik bizi direnetatik gehienek (%61,9), izaera klasikoa duten baserri jarduera dute oinarri: baratza (%69,05), abeltzaintza (%66,67) eta sagastiak (%61,09). Eta gehienek, jarduera bat baino gehiago lantzen dituzte batera. Beste talde garrantzitsu bat ere nabarmentzekoa dela dio txostenean Irigoienek: sagardogileak (%30,95).
Produktuen distribuzioa ondo edo nahiko ondo bideratua daukatela diote baserritarrek eta bitartekariak saihesten dituzte: salmenta zuzena (%50), denda, harakin edo supermerkatuetan (%38,09). Hala ere, harakin eta supermerkatuetan saltzen dutenek kezka azaldu dute beraienganako menpekotasuna dutelako.

Animalien presentzia,
nekazal ustiapenarekin bat

Astigarragako lurrak nekazaritzara zuzenduak, 7,61 Ha dira, hau da, maila ertain-bajua, eta honela banatua dago: basoa 1,269 Ha, frutala 1,486 Ha, baratza 0,260 Ha eta belardia 4,591 Ha. Eta animalien presentzia ere ustiapen tamainarekin bat dator: larre behiak (193), ardiak (201) eta hegaztiak (382) dira nagusia. Gainon­tzeko animali espezieak garrantzi eskasekoak dira. Beste animali moten erabilera, autokontsumoa, aisialdia edo larreak garbi izateko dira.

Label ziurtagiririk gabe, gehienak
Kalitate edo Label ziurtagirien presentzia ere aztertu du Irigoienek eta sagardogileak salbu, ekoizle gehienek inolako Labelik gabeko ekoizpenak dituzte (%76,19). Aldiz, %7,14ak ekoizpen ekologikoa lantzen dute eta %16,67ak kalitatezko Labelarekin.
Berriz ere, sagardogileak salbu (%100ean Gipuzkoako Sagardogile Elkartearen edo Gorenaken barruan lan egiten dute), %52,39a ez da inongo elkarte edo sindikaturen partaide eta modu horretako eragile eta taldeen babesik gabe aritzen dira lanean.

Bataz besteko adina,
50 urteko baserritarrak

Baserritarren gehiengoa, 18-64 arteko gizon-emakumeak dira eta pisurik haundiena 41-59 tarteko pertsonak dira. Bataz besteko adina 50,97koa da eta adin maila altua dela azpimarratzen du Irigoienek txostenean: «Gainera, atzetik datorren gazteria ez da ugaria eta progresiboki adin hori igo egingo dela aurreikusten da, baserritarren zaharkitzea ondorio bezala izanaz». Gizonezko eta emakumeen arteko pisuaren banaketa nahiko orekatua dela dio, baina emakume gehiago dira baserrietan. Emakumeen lana oso garrantzitsua dela gaineratu du, zaharren, umeen, etxeko lanen eta baserriko jardueretan duten paper garrantzitsuagatik.
Baserritarren artean, lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute %97,61ak eta %60ak ondorengo­tza ziurtatua daukala adierazi du. Gehiengoek lurrik hartu eta utzi nahi ez badute ere, sagardogileen artean, sagastiak jartzeko lur gehiagoren bila dabiltzanak badaude. Lur horiek hartzeko, baldintzak honakoak izan behar luketeela diote: prezio arrazoigarria izatea eta gutxienez 20-25 urterako alokairua.
Orokorrean, etxekoekin moldatzen dira: 11 baserrik kanpoko 26 laginle dituzte eta gainentzeko 31 baserri, kanpoko langilerik gabe ari dira. Jarduera maila eta motari egokituz, baserriek me­ka­nizazio egokia dute, ikulu, traktore eta segadorekin. Nahiz eta zaharrak izan (bataz beste, 10-15 urte baino gehiagokoak), egoera onean daudela adierazi dute.

Baserritarren artean, lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute %97,61ak.

Balio interesgarria duten
10 baserri

Baserri gehienak 1980-2013 urte artean berrituak daude eta orokorrean bizitzeko egokiak direla esan daiteke. Hala ere, badira salbuespenak. Bi baserriren egoera, adibidez, arduratzeko modukoa da.
Baserri gehienek (%76,19), ez dute inolako balio arkitektoniko edo bestelako balio berezirik. Bestalde, balio interesgarria duten 10 baserri daude: 4 tolare izandakoak, 5 balio arkitektonikoa dutenak eta bestea, bestelako balioa duena. Iriarte baserriak, balio arkitektonikoa izateaz gain, bestelako balioa ere badu. Lizeaga eta Argindegi Zahar baserriak, berriz, katalogatuak daude.

Espezializazioa eta
salmenta zuzena, gakoak

Ondorioak ere bildu ditu Irigoienek, eta honakoak aipa­tzeko moduko batzuk: azpiegitura, etxebizitza, indus­trigu­neen eta azpiegiturek presioa sortzen diete baserritarrei, lurrak galtzeko arriskua ikusten baitute. Hori horrela, nekazaritza lur emankorrenetatik, mendi lur pobreetara bultzatzen da pixkanaka nekazal jarduera eta baserritarrek lurra galtzeko duten kezkaren ondorioz, frenua dute inbertsioak edo proiektu berriak hasteko.
Produktuen merkatu balioa eta salmenta bideei dagokienez, kasu askotan, baserritarrek beren esfortzuak 3, 4 eta 5 jarduera desberdinen artean banatzen dituzte. Eta honakoak dira baserritarren arazo nagusiak: produkzio bajuak, balio gutxi edo ertaineko produktuak, konpetentzi haundikoak eta eskaintza epe konkretu batean pilatzen dena, barazkien kasuan, adibidez. Esan daiteke, orokorrean, jarduera espezializatua (lore, barazki eta sagardotegiak), mekanizazio egokia eta modu esklusiboan aritzen direnak eta salmenta zuzena lantzen dutenak direla egoera positiboena duten baserritarrak.

Merkatua jartzea herrian,
proposamenetako bat

Egoera hobetzeko, hainbat proposamen ere biltzen ditu txostenak eta zentzu horretan lan egiteko konpromisoa hartu du Udalak.

  • Baserritarren egunerokotasuna erosoagoa izaten eta behar hurbilak betetzen laguntzea: bideak konpondu eta bide bazterrak garbitzeko laguntzak eskaini, saneamendua eta edateko ur zerbitzuak jarri, zabor-bilketa zerbi­tzua gerturatu, jatorrizko baserriak berritzeko obren lan-tasak ordain­tzeko laguntzak, adineko pertsonei asistentzia zerbitzua mantendu edo hobetzea…
  • Baserritarrak kaletarrengana hurbiltzea: baserrien inbentario, identifikazioa eta katalogazioa egitea; baserrien errolda zehatza egitea eta mapa osatuz, ibilbideak antolatzea…
  • Salmenta zuzena bideratzeko ekimenak bultzatzea: astean behin edo 15 egunetik behin, merkatua antolatzea herrian; Sagar­dotegien eta Sagardoetxearen mugimendua aprobetxatuz, turismoa, aisialdia… bezalako alorretara zabaltzeko ekimenak antola­tzea; herriko komertzio, denda, taberna jatetxe edo sagardotegietan, herrian bertan ekoiztutako produktuak bereiztu eta eskaintzeko kanpainak bultzatzea…
  • Udaletxe eta erakundeen aldetik, laguntzak eta bitartekaritza sendotzea: baserritarren eta erakundeen arteko zubi-lanak bultza­tzea; Udalaren jabetzako larre publikoen erabilera arautuz, baserritarrei laguntzea; gazteen inkorporazioa errazteko, Udal jabetzako lurrak horretara bidera­tzea; administrazio publikoen aldetik, nekazal lurrei nolabaiteko babes juridikoa eskaintzea, gutxienez, gaur egungo nekazal lurrak direnak galdu ez daitezen; Udalak, baserritarren arteko lur salmenta edo alokairua bultzatzeko ekimenak lan­tzea…
  • Baserritarren formakuntza bultzatu eta ekoizpenak egokitzeko, ekimenak antola­tzea: baserritarren formakuntza bultzatzea; baserritarren ekoizpenak balio haundiagoko produktuen ekoizpenera bideratzen laguntzea.
  • Baserritarren elkarkidetza eta konpromisoa sendotzea: baserritarren inplikazioa, konpromisoa eta parte hartzea bultzatzea, baserritarren aldeko neurriak hartu litezkeen lan talde edo ekimenetan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!