Artikutzako inguruetan ibilbidea: baso eta historiaurreko aztarnetan barrena

Kronika - Erredakzioa 2007ko urr. 7a, 02:00

HERNANITIK gertu dagoen Artikutzako basoan barrena ibilbidea antolatu du Mendiriz Mendi elkarteak urriaren 21erako. Artikutza oso ondo kontserbatua dagoen ingurua da, paregabea basoak eta naturak inguru horretan eskaintzen duenaz gozatzeko.

Nola iritsi
Hernanitik Hernanitik Astigarragara joan. Bertan Oiartzunera eramango gaitun GI-2132 hartu. Oiartzungo sarreran eskuinera egin eta Artikutzara doan GI-3631 errepidea jarraitu. Bidea Eskasen itxita dago. Artikutzara ezin da ibilgailuetan sartu Donostiako Udalaren baimenik gabe.

Ibilbidearen deskripzioa
Artikutzako inguruetan barrena ibiliko gara ibilbidean. Artikutza Donostiako lurretan dagoen auzo txikia da, 3.700 hektareako esparrua da eta Donostiako Udalerriarena da 1919 urteaz geroztik. Artikutzako etxaldean Enobietako urtegia dago. Bertara isurtzen dute ura Enobieta eta Erroiari ibaiek eta hainbat errekek. Ibai sare horrek ura isurtzen du Añarbe ibaira, eta hau Urumearekin elkartzen da. Urtegia dela eta, ingurua nahiko ondo babestuta egon da urte askotan zehar eta gaur egun baso aberatseko ingurua da. Errepidea bertaraino iristen bada ere ezin da autoarekin sartu Donostiako Udalaren baimenik gabe.

Bailara honen beste berezitasunetako bat Euskal Herrian euri gehien egiten duen lekua dela da. Esan daiteke Euskal Herrian dagoen baso ederrenetarikoa dela, bertan zuhaitzek, toki gutxitan bezala, hasieratik bukaerainoko garapen prozesu guztia burutzen dutelako: erne, hazi, bizi, erori eta bertan usteldu ale gazteen elikagai izateko. Beraz, naturaz blai egitea nahi duenarentzako toki aproposa. Autobusak Artikutzako sarreran (Eskasen) utziko digu. Ataka pasa eta metro batzuetan errepidea jarraitu behar da. Berehala ezkerrera egin behar da eta behealderantz jo, Eskaspeko errekara doan bidezidorra hartuz. Artikutzako basoan sartzen da bidea. Desnibela haundia jaisten da, 250 m. inguru, ordu erdi eskasean. Behin errekara iritsi eta gero bidezidorra laua bihurtzen da. Ur-jauzi baten albotik pasa eta gero bideak apur bat gora jotzen du, baina berehala behera egiten du berriro eta ia konturatu gabe Artikutzako presa ondoan dagoen Udal Aterpetxe aurrera iristen da (400 m.). Hemen ezkerrera egin behar da presa inguratzen duen pista jarraituz. Presaren atzealdera iristerakoan, Enubietako erreka pasa eta metro batzuk aurrerago, ezker aldera jotzen duen bidezidorra hartu behar da. Bidexka honek malda gogorrak ditu eta berehala Pagolleta (675 m.) lepora iristen da. Bista ederrak daude Lesaka eta Arantza aldera. Orain arte deskribatutako bide guztia Artikutzako baso barruan egiten da.

Pagolletara iritsi baino apur bat lehenago basotik irtengo gara eta bidea inguruko mendiko goi zatietan ohikoa den soroetan sartzen da. Lepotik ezkerrera egin behar da, ipar-mendebaldera, eta Piperta (712 m) pasa ondoren Bidangogañara (750 m) iritsiko gara. Hemen mendi gailurrak utzi eta beheraldera, eskuinera, egin behar da. Ipar-eki aldera dagoen mendi-bizkarra hartu behar da. Berehala Domiko urtegira iristen da. Inguruan, Ikatzulo izeneko toki bat dago. Bertan mende hasierako hilerriak aurkituko ditugu, eta ondoan iturri bat. Domikotik Egaña mendatera doan pista hartu eta berehala ezkerrera doan bidea hartu behar da. Bidea zentralaren ondotik pasatzen da eta erreka jarraituz San Anton urtegira jaisten da basotik barrena.

Mendiriz Mendi

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!