Otsailetik aurrera, ahotsa eta presentzia eszenikoa lantzeko tailerra izango da Norberto Almandoz Musika Eskolan.
Baina, aurrerapen gisa, ate irekien saioa egingo dute larunbat honetan: haurrentzat 16:30etan, eta helduentzat 17:30etan. Horietan parte hartzeko, gaur da izena emateko azken eguna: Musika Eskolan, 943 55 73 40 telefonora deituta, edo info@name.eus helbidera idatzita. Nahikoa da izen-abizenak, jaiotze data eta telefono zenbakia ematea.
Ahots kalidade garbi eta onaren bila
Ainhoa Aierbek emango du tailerra, eta helburu bikoitza izango du: batetik, ahots kalidade garbi eta ona bilatzea; eta bestetik, ahots korden nekea saihestea. Horretarako, jolasak egingo dituzte, arnasaren garrantzia, arnasetik ahotsa kanpora ateratzeko modua... jorratzeko.
Abesti bana landuko dute: haurrek, Alaitz eta Maiderren Amets bat; eta helduek, WSS filmeko Amerika.