Hitzaldia zein adinetako haurren gurasoei dago zuzendua?
Adin guztietakoei, adina alde betera utzita haurrak gizaki bezala tratatu nahi ditugu. Guraso eta seme alaben arteko komunikazioan zentratuko bagara ere, bertako kodeak edozein erlaziotarako erabilgarriak izango dira.
Haurrekin komunikazioa lantzea garrantzitsua da, ume-umetatik?
Heziketa eta komunikazioa haurdunalditik hasten dira. Nahitaez, komunikatzen ari gara, eta hau lore bat zaintzea bezalakoa da: lorea ez dugu ureztatzen loratzen denean, loratzeko baizik.
Errespetuzko komunikazioa aipatzen duzu. Zer da hori? Nola lantzen da?
Errespetua ez da ondo tratatzea soilik (jo eta iraindu gabe). Errespetu hitzaren benetako esanahia begiratzea dela irakurri nuen, eta hori horrela izanik, pertsona hori bizitzen ari dena begiratzea litzateke, gure ikuspuntu, desio edo epaietatik aparte.
Umetan jarritako oinarriek nola laguntzen dute gero, bizitzan zehar?
Haurraren beharrak asez, bere erritmoa errespetatuz, haiek entzun eta ulertuz... Horrek haurrari bere estimu, ziurtasun eta konfiantzarako ezinbestekoak diren elikadurak eskainiko dizkio, eta bizitzan aurkeztuko zaizkion zailtasun edo egoerei aurre egiteko baldintzarik onenetan aurkituko da.
Zein akats dira ohikoenak gurasoen artean?
Orokorrean, helduok, guk nahi duguna edo haurrak bere hobebeharrez egin behar duela uste dugun hori behartzeko gainboterea erabili ohi dugu: mehatxuak, zigorrak, xantaiak, aginduak, konparaketak… Edota ezetz esatea kostatzen zaigu eta permisibidadean erortzen gara.
Nola konpondu daiteke hori?
Lehendabizi, geure buruarekin daukagun komunikazio eta erlazioa zainduz. Eta ondoren, haurrekiko entzumen eta enpatian trebatuz: beraiekiko dugun begirada garbitu, bere beharrak eta gureak berdin baloratu...