Borussia, Ohorezko Mailara

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 19a

Egindako lanak saria izan ohi du ordainetan, eta atzo Borussiak jaso zuen berea. Maila gorenera, Ohorezko Mailara igotzea zuten jokoan, eta Asier Giraldo eta Mikel Garciaren golei esker, egi bihurtu zen ametsa. Garbera Sagardotegiaren kontra neurtu zituzten indarrak Cesar Beniton, eta hernaniarrak izan ziren nagusi, bereziki, bigarren zatian.
Urduritasuna nabari zen epaileak partidu hasiera pitatu zuenean. Bi taldeek izan zituzten aukerak, baina markagailuak hutsean jarraitzen zuen atsedenaldian.
Bigarren zatian etorri zen Borussiaren erasoa. Asier Giraldorena izan zen jokaldia: defentsan baloia lapurtu, ez­kerrera zabaldu, areaz kanpo jaso, aurkariak regateatu, eta gola, 1-0ekoa. Konfiantza hartu zuen handik aurrera Borussiak, eta bigarren zatiko 20garren minutuan egin zuen bigarrena, Mikel Garciak, Imanol Ferrerok defentsatik emandako paseari esker.

Hiru igoera, segidan
Behetik gora egin duen taldea da Borussia. 2013an hasi zuen ibilbidea, 2garren mailan, eta hiru igoera segidan lortu eta gero, Ohorezko mailan jokatuko du orain. 15 egun barru hasiko da denboraldia, eta aurkari gogorrak izango dituzte aurrean, tartean Espainiako txapelduna.
Asier Giraldo entrenatzaileak eskerrak eman nahi dizkie guztiei: «taldean aritzen edo animatzera etortzen zaretenei... eskerrik asko!»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!