Graduatua atera, edo hizkuntzak eta informatika ikasteko aukera, EPAn

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 18a

Hemezortzi urtetik gorako herritarrei ikasten hasi edo jarraitzeko aukera ematen diete EPAn. 2014/2015 ikasturtea martxan da, eta ekainera bitartean, ikasi nahi dutenek orain dute matrikula egiteko garaia. Izan ere, ikasturtea bi lauhilekotan dute antolatuta: irailetik otsailera, eta otsailetik ekainera.
Aukera ezberdinak dituzte: graduatua atera, hizkuntzak ikasi edo informatika klaseak jaso.

Graduatua atera nahi?
Adin nagusikoa izan eta graduatua atera nahi duen edonork ditu zabalik ateak EPAn. Horrez gain, Hezkuntza arautuaren barruan beste hainbat klase ematen dituzte: idazten eta irakurtzen ikasi, komunikazio trebetasunak hobetu edota ezagupenak gaurkotu.

Hizkuntzak eta informatika ere, aukeran
Euskera eta ingelesezko oinarrizko maila ikasteko aukera ere eskaintzen dute EPAn. Or­denagailua erabiltzen ikasi nahi dutenentzat ere, bada aukera: informatika oinarrizko klaseak ematen dituzte. Hi­ru kasu hauetan, klaseak as­tean bi egunez jasotzen dira.
Bestalde, atzerritarrentzat gaztelania klaseak ere ematen dituzte.

Matrikula, debalde
EPA ikastetxe ofiziala da, Eusko Jaurlaritzako Hez­kun­tza Sailaren esku dagoena. Matrikula debalde da bertan, eta irakasle titulatuak eta espezializatuak dituzte.

Izen ematea, astez
Matrikula egin nahi dutenek, astez egin behar dute Antziola 62ko egoitzan. Ordutegia da: astelehenetik ostegunera, 10:00-12:00 eta 17:00-19:00; os­tiraletan, 10:00-12:00.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!