«Hori izan da azken urteotako helburua: trainerua ateratzea, eta herrikoa. Orain urte batzuk, oso gutxi ginen taldean, eta pentsatu ere ez genuen egiten horretan. Baina gero eta neska gehiago sartu dira, eta ikusita epe motzera trainerua ateratzeko moduan egongo ginela, gogo haundia geneukan», kontatu digu Ainhitze Kalonje arraunlariak. «Harrobitik datorren koadrila da, orain 4-5 urte hasitakoa», borobildu du Juanjo Etxarte entrenatzaileak.
Nesken trainerua izango du Hernanik aurten, harrobian egindako lan onaren ondorio. 16 urtetik gorako hainbat arraunlari pilatu dira, eta aukera paregabea ikusi dute, trainerua berriz uretara ateratzeko. Orain zazpi urte utzi zuten bertan behera mutilena, eta zerotik hastea izan zen orduan: «batel batekin hasi ginen, eta orain 9 dauzkagu, eta trainerua».
«Batak besteari tiratzen dio, lagun artean»
Etxartek eta Kalonjek nabarmentzen dute, jendea pilatzetik etorri dela trainerua, eta ez jendea bildu, trainerua atera ondoren. Gero eta gehiago animatu dira probatzera: «lagun artean, batak besteari tiratzen dio. Eta guk antolatu ditugun kursilloetan ere, talde politak osatu dira».
13 izango dira arraunlari hernaniarrak, traineruan. Tripulazioa osatzeko nahikoak ez, eta Tolosako taldearekin egin dute akordioa: hango 8 arraunlari ariko dira Hernanirekin. «Hasieratik eman zuten baiezkoa, eta jubenilak ariko dira gurekin», azaldu du Etxartek.
«Ikusten da bloke polita egingo dela,
baina ez dakigu zein izango den gure maila».
Hasierako plana: ibili eta ikasi
Zazpi saio egin dituzte denek elkarrekin, uretan. Momentuz, ibilbideak egiten ari dira, entrenamendu berezirik gabe: «hasieran, ibili eta ikasi da egin behar dutena», dio Etxartek. Izan ere, traineruan esperientziarik gabekoak dira gehienak. Hernanitik, soilik Amaia Zuaznabar aritu da, iaz Oriorekin egin baitzuen denboraldia. Oso talde gaztea osatu dute, 16-17 urtekoak dira gehienak: «baina gogo aldetik, ez da batere falta».
Talde berria izanik, ez dakite nola ibiliko diren. Baina konplejurik gabe aterako dira: «saioetan, ikusten da bloke polita egingo dela, baina itsu goaz, ez dakigu zein izango den gure maila. Urtetik urtera, gainera, asko aldatzen dira taldeak. Hala ere, bateletan oso indartsu dabiltzan neskak dira gureak», Etxarteren arabera.
Batelen denboraldia hasiko da bihar.
Loiolan izango dute aurreneko goizeko 12:30etan.
«Proiektuari luzapena emanez gero, zeozer lortu ahal izango da»
Aurreneko urtean baino, etorkizunean jarriko dituzte meta altuagoak: «behar dena da proiektuari luzapena ematea, ez izatea urtebeteko kontua. Horrela, zeozer lortu ahal izango dugu». Baina badakite ez dela erraza, blokea mantentzea: «adin zailak dira: unibertsitatean hasi, kanpora joan... Gustora baldin badaude, logikoa da jarraitzea, baina...».
Gipuzkoako Ligan leihatuko da Hernani, eta beste bi txapelketa ere joka ditzake: Euskotren Liga eta Kontxako Bandera. Lau onenen artean egon behar dute horretarako: «Kontxan beti daukazu begi bat jarrita. Zaila da, baina ez ezinezkoa. Estropada bakarrera, edozer gerta daiteke. Olatu on bat hartu...».
«Eskerrak babesleei, beraiek gabe ezinezkoa litzateke»
Babesleen laguntza ere beharrezkoa izan dute, trainerua uretara ateratzeko: «eskerrak eman behar dizkiegu, horrelako enpresen laguntzarik gabe, ezinezkoa litzateke». Iparragirre izango da babesle nagusia: «apustu haundiena beraiek egin dute, eta gogoz sartu dira, gainera. Baina lekua badago oraindik kamisetan, inork bere logoa jarri nahi badu», diote.
Batelak, aurreneko helburua
Bihar hasiko du batelen denboraldia Hernanik. Horixe izango da urteko aurreneko helburua: «ez da prestaketa soila izango. Aurrean ibili nahi dugu. Bukatzean, zentratuko gara traineruan». 10 bote aterako ditu Hernanik, 50-60 arraunlari guztira. 12 estropada izango dira Ligan, eta txapelketak ere lehiatuko dituzte: Gipuzkoako, Euskadikoa eta, sailkatuz gero, estatala.
Hernaniko Arraun Elkarteak antolatuko du aurreneko estropada, Gipuzkoako Ligan. Loiolan izango da, bihar 12:30etan, Urumea ibaian. «Guztira, 100 bote ere biltzen gara, zenbait estropadatan. Txikietan, batel pila bat daude kategoria bakoitzeko».