5.000 sinadura baietz!

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 17a

Eusko Jaurlaritzak ireki du 2015eko dirulaguntzak eska­tzeko epea. Azaldu dutenez, dirua banatzeko erabiliko di­tuzten irizpideak 2014ko ber­dinak izango dira eta banaketa sistema hartuko dute kontuan, irakurtzen den edo ez neur­tzeko. Kronikari %20 jaitsi zion dirulaguntza Jaurlaritzak joan den urtean, eta aurten ere, berdina gertatu liteke. Hori horrela, Kronikak sinadura bilketa jarri du martxan.

Nola baloratzen du Jaurlaritzak banaketa?
Balorazioa egiterako garaian, Eusko Jaurlaritzak lau mo­dutara neurtzen du irismena. Puntuazio altuena jasotzen dute harpidetza ordainduaren sistema erabiltzen dutenek. Bigarren mailan daude, debaldeko bazkideei banatzen dieten hedabideak. Hirugarren postuan daude, harpidetzarik gabe, etxez etxe banatzen duten hedabideak. Eta azken postuan daude, banaketa masiboa egiten duten komunikabideak. Azkeneko honetan sartzen dute Kronika. Izan ere, Kronika ez da banatzen, hartu egiten du herritarrak.

Jaurlaritzaren arabera, 300 ale eskas, egunean
Kronikak 4.000 aleko tirada du, egunero. Jaurlaritzaren irizpideen arabera ordea, egu­nero 300 ale eskas ba­natzen direla estimatzen du. Hori horrela, diru­la­gun­tza %20 murriztu zitzaion Kro­nikari 2014an eta aurten gauza bera gertatu liteke.

Firma bilketa, debaldeko bazkideak lortzeko
Kronikak argi ikusi du irizpide hauek ez dutela errealitatea erakusten. Bat dator iris­me­nari ematen zaion garran­tziarekin, baina ez neurtzeko moduarekin. Hori argitze aldera, Eus­ko Jaurlaritzarekin harre­ma­netan jarraitzen du.
2015eko deialdia, ordea, zabalik da eta aldaketarako marjen gutxi dago. Egoerari aurre hartu, eta Kronikak firma bilketa jarri du martxan. Sinadura bilketarekin era­kutsi nahi da Kronika iritsi egiten dela herritarrengana eta irakurri egiten dela.

Erronka: 5.000 sinadura
Herriko taberna, el­karte, okindegi, kiosko eta aba­rretan daude sinatzeko orriak. Bertan sinatzen duten herri­tarrek onartzen dute Kronika jaso eta irakurri egiten dutela, eta harpidedun/bazkide egiten direla, debalde. Bete beharreko datuak dira: izen-abizenak, nortasun agiria, non jasotzen den Kronika, herria eta sinadura.
Kronikak erronka jarri du, 5.000 sinadura baietz! Egunero 4.000 aleko tirada du, eta Ikertalderen arabera, %75etik gora euskal­dunek irakurtzen dute egunero Kronika; eta erdaldunen %53k.

Sinadura orriak, eskuragarri
Kronika lagundu, eta koa­drilan, lanean, etxean... fir­mak bildu nahi dituenari orriak emango zaizkio.
Ho­rretarako hiru aukera daude: orria www.kronika.eus web­gunetik deskargatzea; kronika@kronika.eus he­l­bidean eskatzea, edo La­rramendi 11 beheko lokaletik pasatzea. Firma bilketa 15 egunez egingo da, hau da, urtarrilaren 31 arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!