«Ereñotzun internetekin beti arazoa izaten da», azaldu du Joxean Agirre ereñotzuarrak. «Batzuk kobertura badute, baina konpainia jakin batekin, eta prezioaren eta kalitatearen arteko erlazioa ez da ona».
Horregatik, wifi sarea auzoan zehar hedatzeko beste modu bat erabiltzen hasi da, gurasoen etxetik, www.guifi.net erabilita. Handik beste toki batzuetara zabaldu daitekeela dio, eta guztia azaltzeko bilera egingo da datorren larunbatean. Goizeko 10:30etan izango da, auzo etxean.
Arrondon bi antena jarri dira; bat Epele aldera, eta bestea Ereñotzu aldera.
Arrondoko antena berriari esker, aukera hobea
Arrondon jarri diren bi antena berriei esker lortu daiteke sistema berri hau. Antena horietako bat Epele aldera dago, eta bestea Ereñotzu aldera. Hain zuzen, Arrondora bista dutenek dute kobertura. Baina, Agirreren ustez, besteen kasuan begiratu egin behar da nolako kobertura dagoen eta nola zabaldu daitekeen hori auzotar guztiengana.
Sare honi esker lortu daitezke interneterako sarrera hobea eta zerbitzu gehiago.
Internet, eta zerbitzu gehiago
Telekomunikazioetarako sare ireki, libre eta neutrala sortzea da asmoa. Joxean Agirrek martxan jarri du, eta auzotarren artean zabaldu daiteke aurrerantzean.
guifi.net erabiltzen dutenen artean interkonexioetarako akordioa sortzen da. Sare bat sortzen da, azken batean, eta akordio horren bitartez, sare hori erabiltzeko lizentzia lortzen da. Horrela, telekomunikazioetarako sare publiko bat sortzen da, eta komunitateko partaide diren guztiek erabili dezakete.
Sare horren abantaila nagusia interneterako wifi sarbidea lortzea da. Baina zerbitzu gehiago ere ematen ditu: herritarren arteko IP telefono sistema sortu daiteke, zerbitzaile zabala liburutegi edo pelikula biltoki moduan erabili daiteke...
Larunbatean bilera
Guztia ondo azaltzeko asmoarekin antolatu da datorren larunbateko bilera. Bertan, Agirrek berak sistema nola montatu duen azalduko du, eta gainontzekoek nola egin dezaketen ere bai.