Erraustegia egiteko kontratatu ziren kredituengatik, 250 milioi euro ordaindu beharko ditu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, horiek erabili gabe ere. Asteazkenean eman zuten epaia, SWAP kredituen inguruko epaiketan, eta epaileak dio GHKren zuzendaritzak jakin behar zuela zein ziren kontratatzen zituen kredituaren arriskuak.
«Aurreko kudeatzaileena da erantzukizun osoa, eta guk pairatuko ditugu ondorioak», salatu zuen Ainhoa Intxaurrandietak, GHKko lehendakariak, ostegunean Hernanin emandako prentsaurrekoan. «Korrika eta presaka egin zuten dena, baldintza kaskarrak sinatuz, gipuzkoarrei erraustegia inposatzeko».
Proiektuak kostatuko zituen 500 milioietatik, erdia ordaindu beharko du GHKk, egin gabe ere: «hala ere, hondamendia saihestu dugu, bai ekonomikoki eta baita ingurumen aldetik ere». Diru publikoa arduragabekeriaz erabiltzea egotzi die Intxaurrandietak, aurreko agintariei: «diru publikoarekin jolasteko modu bat da egin dutena. Orain, 670.000 euro ari gara ordaintzen hilero».
Denis Itxaso: «gipuzkoarren ondarea xahutu dute»
Denis Itxasok, bere aldetik, ausarkeriaz kudeatzea eta gipuzkoar guztien ondarea xahutzea leporatu dio GHKri: «interes publikoarekiko erabateko mespretxua izan dute GHKk eta Bilduk», salatu du San Markos mankomunitateko presidenteak.
Halaber, Itxasok galdetu zuen, nola jokatuko zuen Martin Garitano, bere ondare pertsonala izan balitz: «jokoan zegoen dirua berea balitz, eta ez diru publikoa, erabaki horiek hartuko zituen?».