Guraso elkarteak ostegunean egin zuen bilera, Iñauterietako astelehenean, otsailaren 16an, festarako gaia zein izanen den erabakitzeko. Eta erabaki dute: Brasil ekarriko dute Goizuetako kaleetara!
Egun horretan bertan hainbat lan egin behar izaten dituzte, eta guztia antolatzeko bilera gehiago izanen dira; hurrengoa, datorren ostegunean, arratsaldeko 17:00etan Goxalin.
Egun osoko festa
Iñauterietako astelehenean egun osoko festa izanen dute. Goizean zehar plaza dekoratuko dute, eta ondoren, hamaiketakoa egiteko tartea izanen da. Segidan, herrian barrena brasilgo doinuak entzun eta erritmo horretara gorputza mugitzen ibiliko dira.
Bazkaria ere eginen dute, bai umeek eta baita helduek ere, soziedadean. Arratsaldean jokuekin segiko dute.