Iritsi zaio momentua Hernaniri, txipa aldatu eta emaitzei buelta emateko, mailari eutsi nahi badio. Hilabeteko geldialdiak balioko zuen, orain artekoa ahaztu eta liga berri bat bezala hartzeko falta dena. Eta Cisneros izango dute aurreneko aurkaria hirukoloreek, liga berri honetan. Landaren hartuko dute talde madrildarra, gaur arratsaldeko 15:30etan.
Partiduz partidu, puntuak pilatu beharko dituzte hernaniarrek, eta bereziki etxeko partiduetan. Zaleen animoekin aritu dira ondoen aurreneko itzulian, eta klabea izango da Landare, mailari eusteko.
Kopako finalean sartzeko bidean, Cisneros
Ez dute partidu erraza izango gaurkoa, hala ere. Denboraldi bikaina ari da egiten Cisneros: laugarren dago ligan, eta kopako semifinaletan dago, finala jokatzeko aukera askorekin; 38-30 irabazi zuen joaneko partidua, aurreko asteburuan, Bathcoren kontra. Momentu onean datoz, beraz.
Pablo Feijoo, nobedadea
Madrildarrek daukaten talde indartsuari, nobedade bat ere gehitu diote orain: Pablo Feijoo donostiarra fitxatu dute, azken egunetan. Beste errefortzu bat, dagoeneko oso arriskutsua den atzeko lerro batentzat: oso joku dinamikoa eta ikusgarria egiten dute madrildarrek. Partidu zaila bai, baina ez ezinezkoa.