Ziraba proiektuaren lehendabiziko urtea, bikain!

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 17a

Baloratu dute lehendabiziko urtea, eta bikaina. Arduradu­nek diotenez, Ziraba proiektuak buruan zituenak bete ditu, eta emaitza ederrarekin. Hernaniko natura eta herritarrak elkarri gerturatzea nahi zen. Epeleko putzua bete da landare eta animaliz, Ereño­tzuko txikienei piztu zaie ingurugiroarekiko harra, eta herritarrek orokorrean hobeto eza­gu­tzen dute Hernaniko natura.
Aurtengo urtea hasteko, Putzuzar iturria berrituko dute, urtarrilaren 31n, eta iturriaren azpian beste bi putzu txiki egingo dizkiote, auzolanean. Bideo bat ere prest dago, Zepadiko putzuari eta bertako animaliei buruzkoa, 3 minutu ingurukoa. Horrez gain, beste ekintza hauek ere egingo dira: Ereñotzuko eskolan egin duten unitate didaktikoa moldatu, edozein eskoletarako balio dezan, anfibio eta narrastien inbentarioarekin segi, eta liburuxka bat atera Hernaniko anfibio eta narrastiei buruzkoa.

Ez dago dudarik, Ziraba proiektua elkarlanaren emaitza da.

Talde baten baino gehiagoren artean egina
Ez dago dudarik. Ziraba proiektua elkarlanaren emai­tza da. Hezegune haundi bat sortu zen, Zepadin, eta hori auzolanean egin zuten. Aran­zadik gidatu zuen lana, eta Zira­ba­ren ardatza horixe izan da, hezegune hori, eta horren inguruan egin dira beste proiektuak ere: Ereñotzuko eskolako unitate didaktikoa, irteerak, hitzaldiak... Euskerak ere garrantzia izan du, Dobe­raren laguntzaz Hernaniko izenak bildu direlako: ingelak, ziraba, arrobiyua, zapottikiya... Kronikak 14 fitxa argitaratu ditu 2014an, Herna­niko espezie arruntenak zein diren ezagutarazteko; hitzaldiak izan dira, subeei buruzkoak eta burruntziei buruzkoak... Hernaniko Udalak, Ereño­tzuko Auzo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu dute diruz proiektua, eta emaitzarekin pozik egoteko moduan dira.

Putzu txiki-txiki batzuek ere egingo dituzte iturriaren azpian, anfibio eta narrastientzat. Mikrohezeguneak deitu diote, eta gehiago ere egingo omen dira.

Putzuzarren hasita,
hezegune txiki gehiago

Akola inguruan dago Putzuzar iturria, garai batean Akola baserrikoek erabiltzen zutena: etxerako ura, ganaduentzako, gobara egiteko... Putzu horren paretak eroriak daude. Urtarrilaren 31n txukunduko dute iturria, eta horretarako auzolana deitu dute (izena emateko, Ereñotzuko Auzo Udalean). Putzu txiki-txiki ba-tzuek ere egingo dituzte iturriaren azpian, eta horiek dira hain zuzen, ingel, zapo, arrobiyo eta abarrentzakoak. Mikro­hezeguneak deitu diote, eta putzuzarren bezala, gehiago ere egingo omen dira.
2015ean beste asmo gehiago ere badira. Inbentarioa osatu egin nahi dute, Hernanin dauden anfibio eta narrastiei buruzkoa. Gerora inbentario horrek balio lezake, Hernaniko zonalde bakoitzean ze fauna dagoen jakiteko. Besteak beste, Urumea ibaiari zein babes maila eman aztertzen ibili diren enpresek Ziraba proiektura jo dute, Urumeako ondare naturala zein den jakiteko.
Eta liburuxka bat ere argitaratuko da aurten, Hernaniko anfibio eta narrasti espezieen fitxekin. Lehen Kronikan labur egin den gisara, modu zabalago batean, eta informazio gehiagorekin liburuxka aterako da 2015ean.

Liburuxka bat ere argitaratuko da aurten, Hernaniko espezieen fitxekin.

Eskola batean egindakoak balioko du ba beste
eskoletako ere?

Ereñotzuko umeak zoratzen ibili ziren iaz, anfibio eta narrastiekin. Orain, beste eskoletan ere horixe bera edo tankerako egin ahal izateko, Ereñotzuko unitate didaktikoa moldatu egingo da.

Fitxa guztiak ikusteko sakatu hemen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!