Hemen da «Gure Sagardo Berria!»

Kronika - Erredakzioa 2015ko urt. 17a, 01:00

Hemen da aurtengo sagardo berria! Asteazkenean pren­tsaurrekoa eman zuten sagardogileek Astigarragako Kultur Etxean, aurtengo sagardoaren ezaugarrien berri emateko. Ondoren, sagarrondo bat landatu zuten, Sagardoetxean, Loreak pelikulako hiru protagonistek; Itziar Ituñok, Nagore Aranburuk eta Itziar Aizpuruk.
Aurreneko txotxa Bereziartua sagardotegian egin zen, segidan. Baina, aurretik, ekitaldi berezi baten txanda izan zen. Arizkungo dantzariek bertako sagar-dantza dantzatu zuten, eta, ondoren, sagardogileak soka-dantzara bildu ziren, kupeletara gerturatzeko. Ber­tan probatu zuten aurtengo sagardoa Loreak pelikulako hiru protagonistek.

Bertako sagarra bultzatzea, erronka
Prentsaurrekoarekin eman zi­tzaion hasiera egunari. Andoni Gartzia Astigarragako alkateak «elkarlana» azpimarratu nahi izan zuen. «Sagardoaren Lu­rral­dean Hernaniko, Usur­bil­go eta Azkaineko sagardotegi bana ere badaude. Inguruko herriekin elkarlanean hasi nahi dugu, ditugun aberastasunak konpartitu eta eskaintza hobea egiteko».
Sagarduneko sagardogileen bozeramaileak, berriz, Joxe An­gel Goñik, sagardoaren ezau­­garriak azaldu zituen: «txin­partatsua, edan erraza, borobilagoa eta fruta usainduna. Zertxobait aurreratu da, eta edateko punttu-punttuan dago».
Bertan izan ziren, baita ere, Jon Uriguen, Gipuzkoako Berri­kuntza eta Landa Garapeneko Diputatua; Peli Manterola, Eusko Jaurlaritzako Elikagai Industriaren Kalitaterako Zu­zen­daria; Koldo Lizarralde, Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Zuzendaria; eta Arantxa Madariaga, Basque Tourreko zuzendaria. Azaldu zutenaren arabera, «aurtengo sagardoaren %45 bertako sagarrarekin egin da». Horrekin lotuta, azaldu zuten bertako sagarraren aldeko apustua egiten ari direla, eta espero dutela 10 urtera bertako sagar nahikoa izatea sagardo guztia egiteko. Bestalde, azken urteetan sagardoaren kalitateak gora egin duela nabarmendu zuten, eta lan horretan ari direla, prozesu osoa kontrolatzeko. Fraisoro laborategiko dastaketa panelak Enac ziurtagiria lortu izanaren garrantzia ere nabarmendu zuten, kalitaterik goreneko sagardoa lortzeko lanean jarraitzeko.

Hiru Lore, txotx egiten
Loreak pelikulako hiru protagonistek ere hitz egin zuten prentsaurrekoan. Gonbidape­narekin eskertuta eta hunkituta azaldu ziren.
Itziar Aizpuruk halaxe azaldu zuen: «badut gogoa sagardotegira joateko. Aurreneko aldia izango da! Eta eskertzen dut gonbidapena. Ikusi dut gehienetan gizasemeak gonbidatu dituzuela, eta garaia zen Lore sorta bat jar­tzekoa hemen! Espero dudana da Loreakek izan duen arrakasta hau sagardoak ere urte guztian izatea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!