Olatz Aiestaran eta Idurre Aierdi Astigarragako Kale Hezitzaileak dira. Haur, nerabe eta familiekin egiten dute lan, heziketaren arloan, eta prebentzioa ere lantzen dute herri mailan. Herrian ikusten diren beharrak aztertzen dituzte eta horien aurrean ze landu zehazten dute. 6-12 urteko haurrekin zuzeneko tratua dute eta 12-18 urtekoekin Gazte Lekuaren bidez betetzen dute funtzio hori.
Aierdi Kale Hezitzailea izateaz gain, Gazte Lekuko arduraduna da. Eta Aiestaran, Gazte Lekuko koordinatzailea da eta Gazte Informazio Bulegoko arduraduna. Gazte Lekuan, beraiez gain, 3 hezitzaile daude eta laguntzaile funtzioa duen beste pertsona bat.
«Kale heziketari dagokionez, guk, Kale Hezitzaileok osatzen dugu herrian aurrera eramango dugun programa. Eta Gazte Lokalean ere bai. Haur eta nerabe prebentzio bilkura ere badago. Bertan lantzen dugu herrian zer egin daitekeen prebentzio aldetik. Agente desberdinak gaude bertan: ikastola, zinegotziak, udaltzainak, guraso elkartea… Horrez gain, parte hartzen dugu herriko batzorde desberdinetan: Prebentzio Bilkuran, Berdintasun Batzordean eta Jai Batzordean. Nerabeen ikuspuntua lantzen dugu horrela», azaldu dute bi hezitzaileek.
Bultzatu izan dituzten ekintza desberdinak eta landu izan dituzten gaiak ere nabarmendu dituzte: giza abilezien tailerra, arrazakeria, jostailu bilketa, txotxolo kanpaina alkoholaren kontsumo arduratsua bultzatuz (Gazte Lekuan eta herri mailan)...
Kale Hezitzaileen figura 2004tik dago Astigarragan, eta urteetan zehar aldatzen eta garai berrietara egokitzen joan da. Udalak sortu zuen eta gizarte zerbitzuetatik gestionatzen da.
«Jolas Berri programa ere
irekia da, 6-12 urteko edozein umek hartu
dezake parte»
Jolas Berri programa, aberasgarria
6-12 urteko haurrei zuzenduta, Jolas Berri programa eskaintzen dute Kale Hezitzaileek. Arrobitxulon daukate lokala. Irekia dela azpimarratu dute bi hezitzaileek: «Gure eskaintza aisialdi hezitzailea da eta edozein umek hartu dezake parte programa honetan. Eta asko dira etortzen direnak. Gure ustez, aisialdiaren bidez hezi daiteke eta hori da egiten duguna. Ondo pasatzen dute eta era berean heziketa ere lantzen dugu. Adin desberdinetako umeak elkartzen dira, neska eta mutilak... oso harreman polita lortzen dute eta oso aberasgarria da. Adin diferentzia ez da notatzen eta gainera, oso ona da adin ezberdinekoak harremantzea».
«Gazte Lekuan, ez diegu ematen dena egina,
beraiek sortu dezatela eta parte hartu dezatela bultzatu nahi dugu»
Astelehen eta asteazkenetan
Astean bitan izaten da Jolas Berri: Astelehen eta asteazkenetan (16:30-18:30). Funtzionamendua, honakoa da: meriendatu eta etxeko lanak eginez hasten dute arratsaldea. Eta etxeko lanak ez dauzkatenek jolastu egiten dute. Ordubete inguru izaten da hori, eta ondorengo ordubetean, programatutako ekintzaren bat egiten dute denen artean: pelikulak ikusi, sukaldean aritu, tailerrak, pintxo lehiaketak…».
Programa honetan, 20tik gora ume elkartzen dira. Dena dela, muga bat dute: 25 ume. «Bestela ezin gara behar bezala iritsi», diote. Azken urteetan gero eta haur gehiago apuntatzen direla azaldu dute: «Heziketari begira, lan haundia egiten ari dira alderdi guztietatik, ikastolatik, gizarte zerbitzuetatik... Zentzu onean ari gara lanean».
Gazte Lekua: nerabeentzako eta nerabeek sortua
12-18 urte bitarteko haurrei zuzendua da Gazte Lekua. Joseba Barandiaran plazan dago lokala eta asteartetik igandera izaten da (17:00-20:00). Asteartetik ostiralera Lagunki egiten dute. Hau da, egun horietan librea izaten da eta bertan dauden baliabideak erabiltzen dituzte modu librean. Asteburuetan, berriz, ekintza desberdinak egiten dituzte: tailerrak, kirola, irteerak, sukaldaritza eta pelikulak. Horrez gain, Gabonetan eta udaran, gazteen opor garaian, ekintza desberdinak antolatzen dituzte. Eta ordutegia aldatu egiten da. Udan, adibidez, goizez izaten da. Lokalean, gune desberdinak dauzkate: sukaldea (gainera berria da), tailerrentzako gunea, sofagunea, ordenagailuena eta jolasena: ping-pong, bilarra, futbolina eta air hockeya.
Aiestaran eta Aierdi hezitzaileek argi dute zer den Gazte Lekua: «Nerabeentzako eta nerabeek sortua. Filosofia horri eusten dio. Ez diegu ematen dena egina, beraiek sortu dezatela eta parte hartu dezatela bultzatu nahi dugu. Eta kontuan hartzen ditugu nerabezaroak dauzkan ezaugarriak».
«Gure ekintza guztietan
helburua beti da heziketa»
Hezitzaileak, konfiantzazko helduak
Gazte Lekuak urte asko daramazki Astigarragan. 2000-2001 inguruan sortu zen, eta ondorioz, herrian errotuta dagoela azpimarratu dute Aiestaran eta Aierdik: «Gazteentzat erreferentzia puntu bat da biltzeko». Astean zehar 20 bat gazte elkartzen dira bertan eta asteburuetan 50 bat izaten omen dira (denboraldiaren arabera, azterketa garaian gutxiago).
Hainbat lekutan egon da urte guzti hauetan: frontoi azpiko lokalean, Ergobin, Kiroldegian... Urte gehienak, eta azkenak, Joseba Barandiaran plazan egin ditu. Toki aldetik oso ondo dagoela diote bi hezitzaileek, baina pixka bat zaharkitua dagoela.
Gazte Lekuko arduraduna eta koordinatzailea dira beraiek eta eguneroko martxarako, beste hiru hezitzaile daude: Larraitz, Maider eta Gorka. «Hezitzaileak konfiantza ematen duten heldu batzuk dira, ez dira ez guraso ez irakasle. Tarteko zerbait dira eta gazteek eskertzen dute. Komunikazioa lantzeko modu egokia da», diote. Eta gaineratu dute: «Gure ekintza guztien helburua beti da heziketa. Programek, ekintzek... beti dute helburu pedagogikoa. Aisialdian hezi daiteke; hori argi dugu». Herrian egiten diren ekintza eta jaialdietan ere parte hartze dutela azaldu dute: «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Eta herriko baliabideak ere erabiltzen ditugu: kiroldegia, frontoia...».
Astigarragako Udaleko web orrian zintzilikatzen dute hilabeteroko egitaraua.
Dokumentala, gaur
Euskal Herriko altxorretan barrena dokumentala emango dute gaur Gazte Lekuan. Arkaitz Astiazaran 30 urteko gipuzkoarrak 4.400 kilometro egin zituen apirilaren 7an hasi eta ekainaren 23ra bitarte Euskal Herrian barrena, bizikletaz, eta abentura iruditan bildu ostean, 50 minutuko dokumentala osatu du. Bihar, berriz, eskulanak egingo dituzte.
Gazte informazio bulegoa
Bekak, lana, oposaketak... gazteen intereseko
informazioa, eskura
Gazte Informazio Bulegoa KZ Gunean dago. Ordutegia, honakoa da: astearte, ostegun eta ostiraletan, 11:00etatik 13:00etara, eta asteartetan, 17:30etatik 19:30etara.
Astigarragan, Gazte Informazio Bulegoa dago. KZ Gunean dago (Tomas Alba, 13), hain zuzen. Bereziki gazteen interesekoak diren gai orokorrei buruzko informazioa eskaintzen da (bekak, lana, oposizioak, ikasketak, bidaiak, aisialdia...) eta gai espezifiko edo zehatzei buruzkoa ere eskatu daiteke. Ordenagailuak daude bertan eta edozein zalantza argitzeko dago Olatz Aiestaran. Horrez gain, txartel desberdinak egin litezke: Aterpekide Txartela, Gazte Txartela, Ikasle Txartela, Irakasle Txartela...
Ordutegia: Astearte, ostegun eta ostiraletan, 11:00etatik 13:00etara, eta asteartetan, 17:30etatik 19:30etara. Eta harremanetan jartzeko: gazteinfor@astigarraga.net edo 690 010 823.
Ostiraletan, boletin elektronikoa ere argitaratzen du Aiestaranek. Harpidedunei bidaltzen die korreo elektronikoz. Astigarraga atala dauka eta bertan herriko ekintzak eta eskaintzak azaltzen dira. Ondoren, Gipuzkoa osokoak. Harpidetza egiteko: www.gipuzkoangazte.info.
Bestalde, KZ Gunean dagoenez, zerbitzu horren funtzioak ere betetzen ditu modu batean eta 30 urtetik gorakoak ere joaten dira ordenagailuak erabiltzera. Bide batez, gogorarazi, hilabetean bitan, KZ Guneko dinamizatzailea bertaratzen dela.