Orain pare bat urte hasi zuten hausnarketa prozesua, Juan Luis Aperribai Hernaniko parrokoak eta Xabier Arraztio arkitektoak azaldutakoaren arabera: «Hausnartzeari ekin genion orain bi urte: zein ondare ditu Elizak? Eta zein behar ditu? Galdera horiei erantzuna bilatzen hasi ginen».
Eta horrela, hainbat behar identifikatu zituzten. «Batetik, ikusi genuen bazegoela aspaldiko behar bat, otoitz leku bat sortzekoa. Eta aldi berean, ikusi genuen otoitz leku horrek izan behar zuela txikia, goxoa eta gertukoa, eta bertaratutakoak sakabanatuta ez gelditzeko modukoa. Bestalde, ehorzketen inguruan hitz eginez, konturatu ginen gora egin duela nabarmen gorpuak errausteko ohiturak. Baina aldi berean, legeak gero eta debeku gehiago jartzen ditu errautsak botatzeko. Azkenik, bagenekien bazela zor historiko bat herri honetako zaindariarekiko eta Elizako ondare historiko eta kulturalarekiko».
Behar horiei denei erantzuteko sortu da obra hau egiteko proiektua. «Obrarekin kolunbarioa eta otoitz lekua sortuko ditugu, Elizarekin integratuta. Kontseilu Pastoralak onartu du, eta Gotzaitegiak ere bai. Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalaren baimenak behar dira, monumentu-multzoa delako. Baina badirudi bide onetik dijoala».
Kapilla berria, hilenganako oroigune
Tilosetatik sartu ahal izango da kapilla berrira. Gaur egun, trasteleku moduan erabiltzen den gunea da. Atetxikietatik ezkerretara dagoen atetik sartzen da bertara, eta bertatik Elizako aldare nagusiaren ezkerraldera ateratzeko beste ate bat dago.
Asmoa da kapilla honetan kolunbarioa jartzea, hau da, horma-hilobiz edo nitxoz osatutako gunea.
«Aspaldian Eliza barruan ehorzten ziren hildakoen gorpuak. Hemen Aita Orkolagaren gorpuzkiak daude. Eta Juan de Urbietarenak ere egon ziren, Napoleonen tropek, mendekuz, bertatik atera zituzten arte. Baina, higiene eta osasun kontuengatik, Eliza barrutik kanpoko kanposantura eraman ziren gorpuak aurrena, eta, gero, urrutiago jarritako kanposantuetara. Gaur egun, ordea, gero eta gehiago jotzen da gorpuak erraustera, eta, beraz, ez dago higiene arazorik. Hori horrela, aukera daukagu gure sustraietara eta hastapenetara itzultzeko. Kolunbarioa jarriko dugu, eta bertan, 308 horma-hilobi edo nitxo egongo dira. Bakoitzean, 2-4 errauts-kutxa sartuko dira (hauen tamainaren arabera). Kolunbarioak aukera ematen du erroetara itzultzeko, hildako senideak elkartuta egoteko, otoitzerako... Eta era berean, praktikoa da, herrigunean dago, eta arlo espiritualari erantzuteaz gain, lurraldetasunari ere erantzuten dio. Gure herriko ondare historiko-kulturala den multzo honetan izan ditzakegu gure hildakoak».
Kolunbarioa, obra autofinantzatzeko bidea
Obra noiz hasiko duten zehazki ez dakite, baimenak lortu zain baitaude. Era berean, obra autofinantzatu nahi dute, eta etorkizuneko beharretarako diru-iturri bat sortu. Horixe da, hain zuzen, kolunbarioak ahalbidetuko duena.
«Arlo ekonomikoa parrokiaren ardura da. Donatiboek behera egin dute, eta gure pentsaera ere aldatu egin da. Ezin dugu dirulaguntzekin bizi. Beste garai batean bizi gara. Horregatik, obra hau ez da hemen bukatzen. Inbertsio bat da. Kolunbarioa diru-iturri izango da, obra autofinantzatzeko». Kolunbarioa osatzen duten horma-hilobi edo nitxo bakoitzak 2.000 euro balio ditu, eta urteko mantenuaren kuotak, 30 euro. 30 urtez erabili ahal izango dira, eta denbora hori pasata, bertan gordetako errautsak aldarearen ondoan egongo den oroigunera bota ahal izango dira. «Dagoeneko eman daiteke izena. Horma-hilobi edo nitxo bat nahi duenak Juan Luisi izena eman besterik ez du. 50-70 inguruk izena ematean, obra autofinantzatuta egongo da».
Diseinu integratua
Kolunbarioa jartzeaz gain, otoitz leku bat ere sortu nahi dute, lasaia eta gertukoa. Honek aurrezten ere lagunduko duela azaldu du parrokoak.
«Eguneroko meza txikietarako Atetxikietatik sartuta dagoen erretablo aurrea erabiltzen da, argi guztiak piztu behar ez izateko. Baina berogailua piztu behar da! Kapilla berria otoitz gunea eta hausnarketarako gunea izango da, eta irekita egongo da, nahi duena nahi duenean sar dadin. Era berean, meza txiki horietarako erabiliko da, eta horrela, ez da hainbeste gastatuko, eta jendea ez da sakabanatuta geldituko. Goxoagoa eta gertukoagoa izango da».
Kolunbarioa bertan egotea ere positiboa dela uste dute. «Gero eta gizarte laikoagoa da gurea. Baina heriotzak tabu izaten jarraitzen du. Heriotza ez dago gure bizitzan integratuta, eta hori nahi dugu hain zuzen, modu atsegin batean integratu».
Zikuñagako Amari tokia egin, eta ondarea berreskuratu
Obrarekin beste helburu bat ere lortu nahi da: zor historiko-kulturala kitatzea. Hain zuzen, kapilla berri honetan tokia egingo zaio Zikuñagako Amaren irudiaren erreplikari, aldarearen ondoan. «Interes ekonomiko eta industrialak zirela eta, irudia desagertu eta bota egin zen ermita. Kapilla berri honek ez du ermita ordezkatzen, baina irudiari tokia egin nahi diogu, hernaniarron zaindaria ere bai baita».
Horrez gain, XVI. mendean hasitako obrak bukatu nahi dituzte. «Agustinetako elizaren arkua originala da. XII-XIII. mendeetan hor zegoen eliza. Baina Castilla eta Nafarroaren arteko gudaren ondoren, herritarrek beharra ikusi zuten eliza harresi barruan eraikitzeko. Gainera, 1512an frantziar-nafar gudarosteek su eman zioten herriari eta eliza gabe gelditu ziren hemen. Beraz, 1540an erabaki zen eliza harresien barruan egitea. Carlos V erregearen baimena behar zen horretarako. 1545ean gaur egungo eliza eraikitzen hasi ziren, eta 1595ean bukatu zuten gurutze-oinarria egiten (planoan, 1 zenbakia). Atalaurrea, berriz, 1705ean egin zen. Lehenago ez zuten egin; izan ere, Errege Bidea aurretik pasatzen zen, eta ez zitzaien iruditu txukuna zenik atalaurrea bertan eraikitzea. Gero, 1764an kanpandorrea egin zen. Kapilla pribatu bat egin zuten geroago jauntxo batzuek (planoan, 2 zenbakia), eta parean sakristia egiten hasi ziren, baina Mexikon bizi zen beste jauntxo hernaniar batek bertan kapilla egin nahi zuela azaldu zuen 1686an. Ordainetan, aldarearen atzean sakristia egingo zuela agindu zuen. Sakristia bai, baina kapilla bukatu gabe gelditu zen, eta elizaren eskuetara pasa zen».
Bertan egingo da kapilla berria. «Egiten hasitako arkuak ere berreskuratuko ditugu. Azken batean, izan ginelako gara, eta garelako izango dira».
308 nitxo eta otoitz-leku irekia, kapillan
Zikuñagako Ama kapilla eraikiko da orain trastelekua dagoen tokian. Sartu eta
ezkerretara 308 nitxorentzako kolunbarioa jarriko da; eskubian, otoitz-lekua eta aldarea.
Kapilla berriak hainbat helburu beteko ditu, Juan Luis Aperribai parrokoaren eta Xabier Arraztio arkitektoraren ustez: otoitzerako eta hausnarketarako gune ireki bat sortzea; eguneroko mezetarako gune txiki eta berria sortzea; Zikuñagako Amarekin eta Elizako ondare historiko-kulturalarekin dagoen zor historikoa kitatzea; eta hildakoen errautsak gordetzeko eta bisitatzeko gune bat sortzea, eta heriotza modu atseginean gure egunerokoan integratzea.
Hain zuzen, zeregin horretarako jarriko da kolunbarioa kapilla berrian. Atetxikietatik ezkerretara dagoen ate txiki batetik sartuko da kapilla berrira, eta ezkerretara egongo da kolunbarioa, 308 nitxorentzako tokiarekin. Dagoeneko eman daiteke izena leku bat gordetzeko, Juan Luis Aperribai parrokoari esanda. Horri esker autofinantzatuko da obra. Nitxo bakoitzak 2.000 euro balio ditu, eta 2-4 kutxarentzako tokia du. 30 urtetan erabili ahal izango dira, eta gero, oroigunera bota ahal izango dira errrautsak.