Hemen da aurtengo sagardo berria! Eguerdiko 12:00etan prentsaurrekoa eman dute sagardogileek Astigarragako Kultur Etxean, aurtengo sagardoaren ezaugarrien berri emateko. Ondoren, sagarrondo bat landatu dute, Sagardoetxean, Loreak pelikulako hiru protagonistek; Itziar Ituñok, Nagore Aranburuk eta Itziar Aizpuruk.
Aurreneko txotxa Bereziartua sagardotegian egin da, segidan. Baina, aurretik, ekitaldi berezi baten txanda izan da. Arizkungo dantzariek bertako sagar-dantza dantzatu dute, eta, ondoren, sagardogileak soka-dantzara bildu dira, kupeletara gerturatzeko. Bertan probatu dute aurtengo sagardoa Loreak pelikulako hiru protagonistek.
Bertako sagarra bultzatzea, erronka
Prentsaurrekoarekin eman zaio hasiera egunari. Andoni Gartzia Astigarragako alkateak «elkarlana» azpimarratu nahi izan du. «Sagardoaren Lurraldean Hernaniko, Usurbilgo eta Azkaineko sagardotegi bana ere badaude. Inguruko herriekin elkarlanean hasi nahi dugu, ditugun aberastasunak konpartitu eta eskaintza hobea egiteko».
Sagarduneko sagardogileen bozeramaileak, berriz, Joxe Angel Goñik, sagardoaren ezaugarriak azaldu ditu: «txinpartatsua, edan erraza, borobilagoa eta fruta usainduna. Zertxobait aurreratu da, eta edateko punttu-punttuan dago».
Bertan izan dira, baita ere, Jon Uriguen, Gipuzkoako Berrikuntza eta Landa Garapeneko Diputatua; Peli Manterola, Eusko Jaurlaritzako Elikagai Industriaren Kalitaterako Zuzendaria; Koldo Lizarralde, Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Zuzendaria; eta Arantxa Madariaga, Basque Tourreko zuzendaria. Azaldu dutenaren arabera, «aurtengo sagardoaren %45 bertako sagarrarekin egin da». Horrekin lotuta, azaldu dute bertako sagarraren aldeko apustua egiten ari direla, eta espero dutela 10 urtera bertako sagar nahikoa izatea sagardo guztia egiteko. Bestalde, azken urteetan sagardoaren kalitateak gora egin duela nabarmendu dute, eta lan horretan ari direla, prozesu osoa kontrolatzeko. Fraisoro laborategiko dastaketa panelak Enac ziurtagiria lortu izanaren garrantzia ere nabarmendu dute, kalitaterik goreneko sagardoa lortzeko lanean jarraitzeko.
Hiru Lore, txotx egiten
Loreak pelikulako hiru protagonistek ere hitz egin dute prentsaurrekoan. Gonbidapenarekin eskertuta eta hunkituta azaldu dira. Itziar Aizpuruk halaxe azaldu du: «badut gogoa sagardotegira joateko. Aurreneko aldia izango da! Eta eskertzen dut gonbidapena. Ikusi dut gehienetan gizasemeak gonbidatu dituzuela, eta garaia zen Lore sorta bat jartzekoa hemen! Espero dudana da Loreakek izan duen arrakasta hau sagardoak ere urte guztian izatea».