Iritsi da txotx denboraldi berria. Eguerdiko 12:00etan emango dira ezagutzera aurtengo sagardo berriaren ezaugarriak, Sagardoetxean egingo den prentsaurrekoan.
Ondoren, 12:45etan, Loreak pelikulako protagonistek sagarrondo bat landatuko dute, urteroko ohiturari jarraituz. Gero, 13:30etan, txalapartarien deiarekin batera, Astigar dantza taldeko dantzariek sagar dantza berezi bat eskainiko dute, eta sagardogileek soka dantza. Horrela, kupeletaraino eramango dituzte Loreak pelikulako Itziar Aizpuru, Itziar Ituño eta Nagore Aranburu. Eguerdiko 13:45etan izango dute aukera, Bereziartua sagardotegian, urteko aurreneko txotxa probatu eta «Gure Sagardo Berria» oihukatuz, jendeari gonbidapena luzatzeko.
Arratsaldean, Pintxotx
Denboraldi hasierako festak egun osoa hartuko du. Horrela, arratsaldeko 18:00etatik 20:30etara aukera izango da tabernetan pintxo bereziak eta sagardo berria probatzeko. Gero, hainbat elkartek sagardotegietan afalduko dute.