Aiert Larrarte aske utzi zuen atzo Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak. Atzo iluntzeko 21:15 aldera iritsi zen Hernanira eta harrera beroa egin zioten herritar ugarik. Goizean pasa ziren epailearen aurretik Larrarte eta beste sei abokatu: Ainhoa Blagietto, Atxarte Salvador, Kepa Manzisidor, Jaione Karrera, Ane Ituño eta Alfontso Zenon. Epaileak aske utzi zituen zazpiak. Fiskaltzak askatasuna eskatu zuen 50.000 euroko fiantzapean. Velascok aske utzi zituen fiantzarik gabe, baina kargupean, eta kautelazko neurriekin. Atzo deklaratu zuten beste hiru euskal herritarrak, berriz, espetxeratzeko agindua eman zuen Velascok.
Larunbatean, Donostian, Antiguatik 17:00etan aterako den Manifestazio Nazionalera joateko dei egin zuten atzo ere.
Adierazpena, Plenoak
Atxiloketak medio, ez ohiko Plenoa izan zen Udalean asteartean. EH Bilduk eramandako adierazpena bozkatu zuten, eta aho batez onartu zen. Plenoan Gobernu Taldeko kideak egon ziren; oposizioko alderdirik ez zen bertan izan.
Adierazpenaren aurreneko zatian, urtarrilaren 12an izandako atxiloketen berri ematen dute, eta honek 04/08 sumarioko epaiketan izandako ondorioak azaltzen dituzte. Ondoren diote, gertatutakoa lotsagarria eta salagarria dela: «gertaera hauek berak, eta honek sortutako egoera lotsagarria eta erabat salagarria dela uste dugu, Giza Eskubideen kontrako eraso oso larria da».
Hori horrela, adierazpenak lau puntu biltzen ditu, hain zuzen, Plenoak onartutakoak:
«1. Atxiloketa hauek Euskal Herrian irekitako bake, demokrazia eta askatasunaren bide berriaren kontrako erasoa dira. Estatuaren itxikeriak eta bortizkeriak zapuztu nahi dute euskal jendartearen bake eta normalizazio politikorako borondate argia. 2. Presoen eskubideen defentsan aritzen diren abokatuak atxilotu ditu Guardia Zibilak. Abokatuak presoei dagozkien eskubideen urraketen lekuko dira, eta atxiloketa hauek defentsarako eskubidea urratu dute. 3. Estatu espainolak, berriro ere, bere izaera ez demokratikoa erakutsi du. Urtarrilaren 10ean milaka euskal herritarron aldarrikapenari jaramonik egin ez eta oinarrizko eskubideak urratzearen aldeko apustua egin baitu. 4. Atxilotuei, euren senideei eta eurek defendatutako presoei gure elkartasuna adierazi nahi diegu. 5. Gertaera hauek salatzeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu».
PSE-EEk Plenora joan ez izana arrazoitu du prentsa oharrean
Plenora joan ez izana arrazoituz, prentsa oharra bidali du Kronikara PSE-EE alderdiak. Dio, Bilduk beste behin erakutsi duela, bere kideentzako bakarrik gobernatzen duela: «Bozeramaile Batzordetik pasa behar izaten dira mozioak, Plenora eraman aurretik. Sozialisten zenbait iniziatibetan, Bilduk aitzakia hau erabili izan du... Ordu gutxi behar izan ditu Bilduk Plenoa deitzeko; oraindik testurik ez bazuen ere. Aldiz, Frantziako Charlie Hebdon eta judutarren supermerkatuan izandako atentatu bortitzak salatzeko ez dute iniziatiba politikorik izan... Prentsaren esanetan, asteleheneko atxilotuei ETAko kide izatea leporatu zaie, eta baita delitu fiskala ere... PSE-EEk espero du ETAk eta Espainiako Gobernuak beharrezkoak diren pausoak ematea, amesgaizto hau lehenbailehen bukatu dadin».
Lagunen babesa, Larrartek
Epailearen erabakiaren berri jakin aurretik, Larrateren traineruko lagunek Kronikara ohar bat bidali zuten, babesa adieraziz: «Gure babesa jaso ezazu. Eta azkar itzultzea espero dugu hona, zure trainerura».