Hilabete eskas geratzen da inauterietarako. Otsailaren 14-15eko asteburuaren bueltan ospatuko dira aurten, eta Hernanin hasi dira festa egunak antolatzen. Festak iragarriko dituen kartela aukeratu dute; Ruben Lucas Garcia murtziarrak egin du. Inauteriak antolatzeko bilerak ere ari dira izaten joan den azarotik. Eta orain, izango diren ekitaldietan parte hartzeko aukera zabaldu dute; horietako bat da Mozorro Festa.
Gazteak musika barru barrutik sentitzeko ekimena
Musikaren inguruan egindako saioa da Mozorro festa. Helburua da, gazteak eta musika uztartzea. Antolatzaileek diote, gazteak normalean ikusle eta entzule soilak izaten direla, eta ekimen honekin bilatzen dela gazteak sortzaile izatea: «gazteek, beraiek aukeratutako musika abestu, dantzatu edo antzeztu behar dute Mozorro Festan».
Lau entsaio, egun haundiaren aurretik
Inauterietako larunbatean egingo dute Mozorro Festa, hau da, otsailaren 14an; Atsegindegin izango 18:30etatik 20:00etara. Gazteak bakarka edo taldeka aurkeztu daitezke, eta teknikoki behar duten guztia izango dute bertan.
Aurretik, dena ondo lotzeko, lau entsaio antolatu dituzte: urtarrilaren 19an eta 26an, eta otsailaren 04an eta 09an. Biteriko areto nagusian izango dira, 17:00etatik 18:00etara. Azaldu dutenez, gazteek bere kabuz ere prestatu dezakete ekitaldia, entsaioetara azaldu beharrik gabe. Egunean bertan, ordubete lehenago egingo dute zita, azken gauzak zehazteko.