Martxoaren 1eko Lilatoi Lasterketarako entrenamenduak prestatu ditu Astigarragako Emakume Kirolari Taldeak. Zazpi saio egingo dira, ostiralero, ostiral honetan hasita. Kiroldegian elkartuko dira, arratsaldeko 18:00etan.
Azaldu dute edonor gerturatu daitekeela, korrika aritzeko ohitura izan ala ez, eta azaltzen den jendearen arabera antolatuko dira saioak. «Lasterketa prestatzeko denboraz gabiltza».
Lasterketa, taldean
www.kirolprobak.com webgunean eman behar da izena, baina Emakume Kirolari Taldeak jendea animatu nahi du taldean izena ematera. Horretarako izen-emate orriak kiroldegian bete beharko dira, 10 euroren truke. Iaz, herriko 48 emakumek hartu zuten parte Lilatoian, eta horietatik 30ek taldean hartu zuten parte.
Dortsalak otsailaren 27an banatuko dituzte kiroldegian. Bestalde, lasterketa egunean bazkari bat antolatuko dute.