Kidetzak, EAEko guraso bananduen elkarteak, proposatu du zaintza partekatuaren legea aldatzea. Zer dio proposamen horrek?
Hala da. Zaintza partekatua oso onartua dago sozialki, eta helmuga desiratua ere bada. Horregatik, Kidetzak egin duen proposamenak onarpen zabala lortu du. Kidetzak proposatzen duena da, gurasoak banantzen direnean, eta adostasunik ez dagoenean, epaitegiek irizpide batzuk jarraitzea zaintza zehazteko. Lau aldaketa nagusi aipatuko nituzke.
1. Judizialki zaintza partekatua ezartzea. Zaintza partekatuak izango luke lehentasuna.
2. Etxebizitza automatikoki likidatzea, hau da, saltzea.
3. Haurrentzako elikadura pentsioak ezabatzea edo murriztea.
4. Tratu txarren salaketarik edo kondenarik balego, ez izatea aitari zaintza emateko muga.
Hori ikusita esan liteke beraz, zaintza partekatua dela aukerarik egokiena?
Kasu batzuetan, bai. Gurasoak banandu aurretik, haurren zaintzan bi gurasoak inplikatu badira, egoera horri jarraipena ematea izango da ziurrenik egokiena. Banandu aurretik bi gurasoetako baten gain geratu bada zaintza, ordea, judizialki zaintza partekatua ezartzeak ez du ziurtatuko haur hori ondo zaindua egongo denik.
Bestalde, zaintza partekatuak esan nahi du etengabe erabakiak elkarrekin hartzea, etengabeko komunikazioa eta sintonia izatea heziketan. Horretarako beharrezkoa da gurasoen artean komunikazio ona izatea eta errespetuzko harremanak mantentzea. Liskar-egoera batean zaintza partekatua ezartzen bada, haurra gatazkaren erdian jartzen da.
Zaintza gurasoek adosten duten kasuak ere badaude. Horietan zein izaten da aukeratuena?
Hala da. Banantze-kasuen %70ean gurasoek erabakitzen dute haurren zaintzarekin nola jarraitu. Esanguratsua da, adostasunez erabakitzen diren kasu gehienetan, ama arduratzen dela zaintzaz (%87). Horrek erakutsi dezake, banatu aurretik ere, ziurrenik hala izan dela.
Beraz, zaintzak aurretik ere parekatua beharko luke ama eta aitaren artean . Nola lortu hori?
Datuei erreparatuz gero, gaur egun zaintzeko lanaldia murrizten duten gehienak emakumeak dira (%93); eta berdin eszedentzien kasuetan ere (%95). Horregatik, beharrezkoa da zaintza partekatua bultzatzeko politikak egitea, aitatasun-baimenak luzatuz, besteak beste. Bilatu behar da, haurrak jaiotzen diren unetik aitak ere haurren zaintzan inplikatzea, haurren zaintza partekatua izatea hasiera-hasieratik.
«Esanguratsua da. Adostasunez erabakitzen diren zaintzetan, ama arduratzen da %87an».
Konklusioa. Esan liteke ez dagoela zaintza egokirik eta kasu bakoitza aztertu beharko litzatekeela.
Familiak adina zaintza-mota existitzen dira. Zaintza partekatua, banakako zaintza eta txandakako zaintza dira judizialki ezartzen direnak. Hala ere, kasu bakoitzean ezberdina da. Guk uste dugu ez dagoela zaintza-mota idealik. Familia eta haur batzuentzat egokiena denak, ez du zertan beste batentzat egokiena izan. Garrantzitsuena da haurren ongizatea ziurtatzea, eta horretarako kasu bakoitza aztertzea.
Bi ikastaro, aste honetan
Jabetze Eskolen barruan, bi ikastaro antolatu ditu Berdintasun Sailak aste honetan.
Lur Etxeberria zaintza partekatuaren inguruan ariko da. Biterin izango da etzi, 17:30etan, euskeraz (17:30) Prezioa: 3 euro.
Norma Vazquezek berriz, No quiero ser como mi madre... ¿O si? ikastaroa emango du, Plaza Feministan: «Nola eraiki nire amatasun eredua? Nola uztartu nire aurrekoen irakaspenak nire pentsamendu feministarekin? Zer paper dute nire seme-alabek honetan guztian? Nire amatasunean bada bikoterik?». Ordutegia da: 09:30-13:30 eta 15:00-19:00. Prezioa, 8 euro.
Izen ematea, zabalik
Izena emateko, osteguna da azken eguna: 943 33 70 17 edo maialen-a@hernani.eus.