Lagunartean egoteko leku aproposa da Gaztelekua Astigarragan. Astez, instalazioak erabili ditzakete jolasteko, egoteko... azken finean, ondo pasatzeko. Eta asteburuetan, ekintzak ere izaten dituzte.
Gaurko eta biharko plana
Gaur esaterako, Txupate dos txapelketa izango dute. Karta jokoa da, eta 2 edo 4 lagunen artean jokatzen da. Bakoitzari 7 karta banatzen zaizkio, eta erdira bat ateratzen da. Karta horren paloko kartak bota behar dituzte jokalariek, eta paso eginez gero, erditik bi karta hartu; hortik, jokoaren izena. Kartarik gabe geratzen denak irabazten du. Saltsa izango da beraz gaur, Gaztetxokoan. Bihar berriz, irteera antolatu dute, skate parkera.
Tailerrak, proiekzioa, inauteriak... hilabeteko plana
Ekintzek datorren astean izango dute segida. Larunbatean dokumental proiekzioa antolatu dute: Euskal Herriko Altxorren bila. Eta igandean, eskulanak egiten pasako dituzte orduak.
Urtarrilaren 24 eta 25eko astebururako ere, badute plana. Larunbatean torrijak prestatzen ikasiko dute, sukaldaritza ikastaroan. Eta igandean, asanblada egingo dute, Inauterietako gaia aukeratzeko.
Hileko azken asteburua zine sesioarekin hasiko dute. Eta otsailaren 1ean Kin Ballean ariko dira. Geroz eta jarraitzaile gehiago dituen kirola da azken hau. Praktikarekin, taldean funtzionatzea bilatzen da, besteak beste.