Dolu garaia bizi izan duten pertsonen testigantzak eta profesionalen testigantzak bildu ditu Iñaki Peña medikuak eta dokumental bat egin du: Aulki Hutsak. Dokumental hori gaur emango dute Biterin, 19:00etan hasita. Zer gertatzen da maite dugun norbait hiltzen denean? Galdera hori oinarri hartuta egin du dokumentala Peñak.
50 minutuko iraupena du eta bertan, testigantza errealak entzun ahal izango dira: semea galdu eta gaur egun beste bi ume dauzkaten bikote baten testigantza, desgaitasuna zuen alaba bat galdu zuten bikotearena... Euskeraz da, gaztelaniazko azpitituluekin.
Solasaldi irekia
Dokumentalaren ostean, solasaldia izango da. Ion Andoni Martinez hernaniarrak egingo du aurkezpena eta Izaskun Andonegi Bidegineko presidenteak hitz egingo du. Partehartzailea izatea nahi dute: galderak egiteko aukera izango da, bizipenak kontatzekoa...
Bidegin elkarteak antolatu du, Udalaren eta Ongintzaren laguntzarekin. Hainbat lekutan eman da dagoeneko dokumentala eta ikusmin haundia sortu du. Sarrera librea izango da.
Gaia gizarteratzeko helburua
Ion Andoni Martinezek eta Bega Gamio hernaniarrek ondo ezagutzen dute dolua zer den eta dokumentalaren eta ondorengo solasaldiaren garrantzia azpimarratu dute: «Pertsona bat galtzen duzunean gogorra da eta zaila da aurre egitea, baina posible da. Ibilbide bat dago egiteko, eta hori erakutsi nahi dugu. Heriotzak oraindik gizartean tabu izaten jarraitzen du eta doluaren prozesua humanizatzen saiatu nahi dugu».