Gaur hasiko da Madrileko Auzitegi Nazionalean 04/08 sumarioaren ahozko epaiketa, hau da, Batasuna, EHAK eta ANVren aurkakoa. 35 euskal herritar daude auzipetuta; tartean, Alazne Arotzena eta Nekane Erauskin hernaniarrak. Fiskaltzak 10 urteko espetxe zigorrak eskatzen ditu. Akusatuei emandako data aurreikuspenen arabera, 6 hilabetez luzatuko da epaiketa.
Auzipetuek salatu dute makroepaiketa politiko berri bat hastera doala: «Alderdien Legearen aplikazioan eta ideien ilegalizazioan oinarritutako epaiketa politiko baten aurrean gaude. Epaiketa honetan, ilegalizazioaren ankerkeriari aurre egin izana nahi da zigortu. Eta Ezker Abertzaleari faktura pasa. Izan ere, ezinezko egin nahi dute euskal herritarrak noizbait beren buruaren jabe izatea eta horretarako, Ezker Abertzalea da duten oztopo nagusietako bat».
Pertsekuzio politikoa, agerian
Ezin direla ideiak eta lan politikoa zigortu azpimarratu dute: «Atxilotu, espetxeratu eta prozesatu gaituzte independentistak eta sozialistak garelako. Fiskaltzaren akusazioaren arabera, gure delituak “bilerak” egitea eta denetariko komunikabideei “adierazpen publikoak” egitea omen da. Akusazioa hain da ahula pertsekuzio politikorako nahia agerian uzten dela eta kalitate demokratiko gabezia». Eta beraien kasua ez dela bakarra gogorarazi dute: «Euskal Herrian betidanik aplikatu dira salbuespeneko legeak eta neurriak ezkerreko independentismoaren kontra; eta horren lekuko dira, gure egoera, militante gazteena eta beste hainbat prozesatu eta dagoeneko preso direnena».
Hala ere, baikorrak direla azaldu dute: «Gure konpromisoa garai politiko berriarekin erabatekoa da eta ez dugu normalizazio, bake eta konponbiderako aukera hau inork hondoratzen utziko. Eta bakoirrak gara, espetxe zigorrak ezarrita ere, apustu politikoa irabazi dugulako».
Ekimenak, Libre dinamikak bultzatuta
Epaiketa salatuz, Libre dinamikak hainbat ekimen antolatu ditu. Larunbatean, agerraldia egingo dute Donostian eta Euskal herritarrak libre! adierazpena ere prestatu dute. Sinadurak biltzen ari dira.