Hainbat neurri hartu dira Kiroldegian, denentzako izan dadin

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 11

Koxka elkartea eta Udalaren elkarlanari esker, hainbat neurri hartu dira Kiroldegian, be­rau, denok erabiltzeko mo­duan jartzeko. Hala azaldu du Kox­kak: «Hernaniko Kiroldegiak 25 urtetik gora dauzka. Urte horietan, obrarik egin ez denez, jende ugari da Kiroldegia erabili ezinean. Halaxe adierazi zuten 2013ko prozesuan parte hartu zuten askok eta askok».
Udalarekin egindako elkarlanari esker (Zerbitzu Publiko eta Kirol Zerbitzuak), honako mejorak egin direla nabarmendu du: «igerilekura iristeko ate automatikoa; uretan sartzeko grua; dutxa bat eta bi komun egokitzea; desgaitasun jakin bat dutenentzako aulki bat jar­tzea, aldageletatik igerilekura joateko; aldagela bat egokitzea, kamila eta telefono-dutxarekin; eserleku erosoagoak jar­tzea, umeen aldageletan. Azke­nik, ate automatikoak jarriko dira, hurrengo batean, Kirolde­giaren bi sarreretan».

Arauak, desgaitasunen bat dutenen mesedetan
Obra horiei, beste batzuek jarraitu beharko dietela gaineratu du eta zenbait arau jarri beharko direla ere bai, «desgaitasuna duten pertsonen mesedetan. Alegia, nola erabili material berezia, zein kale gorde behar zaien igerilekuan, edo nola erabili aldagelak zaintzaile bat sartzen bada». 
Arau horiek Koxka eta Kirol Zerbitzuaren artean egin direla azaldu du eta Kirol­degian bertan ikusgai daude. Baita zein ordutan erabiliko duten ere igerileku txikia desgaitasuna duten pertsonek. Informazio hori Koxka elkarteak bere bazkide guztiei bidaliko die, baita informazio hori eskatzen duen edonori ere.

Materiala lapurtu edo puskatzea, salatu
Hainbat portaera ere salatu ditu Koxkak: «Inbertsioek ez dute ezertarako balio, materiala la­pur­tu edo nahita puskatzen bada.  Koxka elkarteak publikoki salatu zuen, bere garaian, no­la lapurtu zuten dutxa-alka­txofa egokitu bat, jarri berria; eta, nola azaldu ziren txikituta bai komun egokitua eta bai dutxa-barra berri-berria. Ho­rre­lako portaerek, bataz, zaildu egi­ten dute Kiroldegia denok era­bil dezagun;  eta, besteaz, di­ru publikoa (denon dirua) xahu­tu besterik ez dute egiten». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!