Abenduaren 16an atzeratutako bilkura asteartean egingo du Espainiako Auzitegi Gorenak. 50etik gora euskal presoren zigor luzapenaren gainean erabakiko dute; hau da, presoek Espainiatik kanpoko kartzeletan egin dituzten urteak kontuan hartu edo ez. «Europatik datorren araua urratu edo ez erabaki beharko du Auzitegi Gorenak», azaldu du Hernaniko Sortuk. Egoera salatzeko, eskualdeko kontzentrazioa deitu dute asteartean, 19:30etan, Lasarte-Oriako Okendo plazan. Espetxe politika kriminalari Stop. Presoak etxera lelopean, hernaniar guztiei dei egiten diete bat egiteko.
Sortuk honakoa gaineratu du: «Erabaki behar dutena da, Parot doktrinarekin bezala, ingeniaritza juridikoa erabiliko ote duten zigorra luzatzeko. Ezin dezakegu ahaztu preso hauek zigorra bete dutela. Zigorra bi aldiz betearazi nahi zaie. PPren gobernua prest dago Europatik datozen arauak eta Espainiako legedia urratzeko euskal preso politikoei ezartzen dien salbuespenezko espetxe politikari eusteko. PPren espetxe politika kriminalarekin bukatzeko, indar eta bide guztiak aktibatu behar ditugu».