Zer gertatzen da maite dugun norbait hiltzen denean? Galdera hori oinarri hartuta, dokumental bat egin du Iñaki Peña medikuak: Aulki Hutsak. Bihar izango da ikusgai Biterin, 19:00etatik aurrera. Dolu garaia bizi izan duten pertsonen testigantzak eta profesionalen testigantzak bildu ditu Peñak dokumental honetan.
Ion Andoni Martinez eta Bega Gamio hernaniarrek ondo dakite zer den dolua; Iraitz semea galdu zuten orain dela bi urte eta erdi, eta dokumentalaren balioa nabarmendu diote Kronikari: «Pertsona bat galtzen duzunean gogorra da eta zaila da aurre egitea, baina posible da. Ibilbide bat dago egiteko, prozesu bat, eta hori erakutsi nahi dugu. Heriotzak oraindik gizartean tabu izaten jarraitzen du eta dokumental honekin, gure aletxoa jarri nahi dugu. Doluaren prozesua humanizatzen saiatu nahi dugu».
Laguntza baliagarria
Horrelako ekimenak oso baliagarriak direla azaldu dute: «Iraitz hil zenean, tarjeta bat eman ziguten Bideginekoa eta asko lagundu digute. Baita bikote bezala ere. Bakarrik ezingo genuen. Urte betez aritu ginen terapia batean eta orain beste lau bikoterekin talde batean elkartzen gara».
Senide eta lagunek eman dieten laguntza ere izugarria izan dela diote, baina kanpokoen laguntza oso baliagarria izaten dela nabarmendu dute: «Oso zaila da norberarentzat eta baita ingurukoentzat ere laguntzea. Iraitz hil zenean, guri zuzenean eragin zigun, gure semea zelako, baina Iraitzek senideak ere bazituen: izebak, osabak... eta beraiek ere bazuten beraien dolua. Eta asko laguntzen du zure ingurukoa ez den kanpoko jendearekin hitz egiteak. Ez diezu hainbeste presio egiten ingurukoei. Batzutan, ez zara ausartzen barruan duzun guztia esatera badakizulako zure ondokoa ere sufritzen ari dela. Alde horretatik, hustu egiten zara. Eta horrez gain, profesionalek badakite nondik bideratu. Egia esan, guri alde guztietatik asko lagundu digute», azpimarratu du Gamiok.
Doluan, bakoitzak bere prozesua duela argi utzi du Martinezek: «Bakoitzaren dolua desberdina izaten da, bakoitzak bere moduan eramaten du eta denak dira garrantzitsuak eta gogorrak. Heriotza batzuk badakigu gertatuko direla. Adineko pertsona bat hiltzea, adibidez. Baina beste batzuk, ez dira berez naturalak. Iraitz bezalako 11 urteko gazte bat hiltzea, besteak beste. Baina horregatik ez da dolu bat bestea baino inportanteagoa».
Eta ez duela fetxarik ere gaineratu du Gamiok: «Bakoitzak bere denbora behar du. Neri Gabonak oraindik oso gogorrak egiten zaizkit, Iraitzek asko bizi baitzituen. Hirugarren gabonak ziren hauek eta hala ere... Bolada hobeak eta txarragoak izaten dira, eta ez dugu arraroak garela sentitu behar. Dolua pasatzeko, ez dago fetxarik».
Ondoren, solasaldia
Dokumentalaren ondoren, solasaldia izango da. Martinezek egingo du aurkezpena eta Izaskun Andonegi Bidegineko presidenteak hitz egingo du. Partehartzailea izatea nahi dute: galderak egiteko aukera izango da, bizipenak kontatzekoa...