«Oso erantzun ona izan du liburuak, trikitixa jotzen ez dakitenek ere erosi dute»

Kronika - Erredakzioa 2015ko urt. 10a, 01:00

Trikitixa Liburua I argitaratu berri du Xabier Solanok. Bertan bere ibilbideko etapa desberdinetako piezak bildu ditu: Etza­kit taldekoak, Esne Beltzakoak, Esne Zopakoak… Denera, 12 kanten partiturak aurkitu daitezke, baina liburuaren izenburuak aurreratzen duen bezala, beste liburu batzuk ere etorriko dira kanta gehiagorekin: «Berez, 36 kanta aukeratu ditut eta beste bi liburu argitaratzeko asmoa ere badut. Denak liburu batean ar­gitaratzea garesti xamarra zen eta probatzeko, horrela hastea era­baki dut», azaldu du ereño­tzuarrak.
Hurrengo liburuetan, The Solanos eta Fermin Mu­guruzarekin egindako kantak ere sartzeko asmoa du: «Bigarren liburua osatuagoa izango da. Oraingo honetan, trikitixa puruagoa den piezak daude eta hurrengoetan trikitixa tradizionaletik ateratzen diren kantak izango dira».

Liburua aurkeztu eta Du­rangoko Azokan salgai egongo zela esan zuenean, trikitixazale askoren aspaldiko eskaria beteta geratu zen, trikitixaren inguruko hainbat web orritan ere halaxe adierazi zuten. Izan ere, ikasle asko eta asko dira Etzakit edo Esne Beltzako kantak eska­tzen dituztenak. Sola­nok ere halaxe azaldu du: «Halako zerbait egiteko eskaria aspaldikoa da. Orain dela 20 bat urtekoa, Etzakiten garaikoa. Baina proiektuarekin orain dela bi urte hasi nin­tzen».
Abestiak aukeratzeko, sare sozialetan eta musika eskoletan galdetu du Solanok.

Partiturak,bi metodotan
Trikitixa liburu honek berezitasun bat ere badu, kanten partiturak bi metodotan daude: metodo tradizionalean, hau da, solfeo bidez ikasi dutenentzat; eta zenbakizko metodoan. «Orain arteko liburuak begiratzen aritu nintzen eta solfeoko partiturekin eginak zirela ikusi nuen. Jende asko dago, ordea, zenbakiz ikasi duena. Gehienek hala ikasi dutela ere esango nuke. Ni ere halaxe hasi nintzen bere garaian, eta modu batean, hori ere gogora ekarriz, bi metodoak sartzea pentsatu nuen. Hasieran, azalpen txiki bat ere badago nola jo behar den jakiteko. Edozeinek ikasteko moduan», dio Solanok.
Eta partiturak bakarrik ez, argazkiak eta Txuriaren hitz batzuk ere bildu ditu liburuan: «Txuriak azaltzen du hitz ba­tzutan liburua zer den. Hasiera hasieratik letrak egin izan dizkit eta ekipo bat bezala gara. Ezinbestekoa ikusten nuen berak aurkeztea liburua, eta ez nik». Argazki gehienak aurten ateratakoak direla gaineratu du, baina ba omen daude 2003ko Oialumen ateratakoren bat eta baita Etxeberritxo pandero jolea zenarena ere. «Gurekin jo zuen Esne Zopaken eta iaz hil zen. Omenaldi txiki bat bezala sartu dut argazki hori», nabarmendu du Sola­nok.

Durangon Etzakiteko kideak elkartu eta kontzertu txiki bat eskaini zuten. Halako beste kontzertu bat emateko eskatu zieten, eta berotuta dabiltzala azaldu du Solanok.

Etzakiten kontzertua, 11 urte eta gero
Durangoko Azokan liburuak oso erantzun ona izan zuela azaldu du: «Oso ondo saldu da. Ni egun batean egon nintzen eta egia esan, gelditu gabe aritu nin­tzen». Liburua ere aurkeztu zuen bertan eta sorpresatxo bat ere eman zuten. Etzakiteko kideak elkartu ziren berriz, 11 urte eta gero, eta kontzertu txiki bat es­kaini zuten: «Hitzaldiak ematen diren karpan jo genuen eta goraino bete zen. Etzakiten garai bateko jarrai­tzaileak eta egungo Esne Beltzako jarraitzaileak gerturatu ziren, orain arte Etzakit zuzenean jotzen ikusteko aukerarik izan ez zutenak. Adin deberdineko jendea elkartu zen. Horrelako beste kontzertu bat emateko ere eskatu ziguten bukatzean eta egia esan, berotuta gabiltza. Asmoa badugu», aurreratu du. Durangoz aparte, orain edozein liburudendatan erosteko aukera dago eta Musika Es­ko­le­tan ere zabalduko du. Li­bu­rua, 5gora Esne Beltzaren argitale­txearekin argitaratu du. Iaz sortu zuten argitaletxea Gora diskoa kaleratzeko. Urte honetan zehar, beste hainbat proiektu ere argitaratu dituzte.

«Hasieran, Jon Mari eta biok bodetan jotzen genuen»
Trikitixa jotzen 9 urterekin hasi zen Solano: «Aitak bultzatuta hasi nintzen, nik trikitixa zer zen ere ez nekien ordura arte. Aris­terrazura eraman ninduela gogoratzen naiz eta han ikusi nuen aurreneko aldiz. Villabo­nan hasi nintzen, Martin Mu­sika Eskolan eta gero arreba ere hasi zen. Han, zenbakiekin ikasten zen trikitixa eta halaxe ikasi nuen. Gero, urte pare batera, solfeoa eta armonia ikasten hasi nin­tzen Imanol Kamiorekin. Eta Kamio izan da musika eraku­tsi didana. 15-16 urterekin, berriz, trikitixa erakusten hasi nintzen Kamiorenean eta Martinenean». Eta gaur egun ere, irakasle lanetan jarraitzen du zenbait ikastola eta Musika Eskolatan.
Musikari bezala, Etzakit taldearekin egin zen ezagun Solano, Jon Mari Beasain ereñotzuarra ere tartean zela. 20 urte bete dira taldea sortu zutela eta hasiera haiek halaxe gogoratu ditu: «13 urterekin Jon Mari eta biok bodetan jo­tzen genun: Jauregin, Fagolla­gan... horrela hasi ginen eta 1994an taldea sortu genuen. Eta handik 3 urtera, lehenengo diskoa atera genuen». Gerora, beste hainbat talde eta proiektutan aritu da Solano: Lau Itzal taldean (2 disko), The Solanosen (disko 1), Fermin Muguruzarekin (2 disko eta 2 DVD), Esne Beltzan (4 disko) eta Esne Zopak proiektuan (disko 1).

Esne Beltza laster hasiko da disko berria prestatzen. Durangoko azokarako ateratzea da asmoa. Eta orain arte bezala, kolabo­ratzaile askorekin grabatuko dute.

Muguruzari esker, berriz martxan
Ibilbide oparoa izan du musikari ereñotzuarrak eta orain ere, momentu gozoan dago Es­ne Beltza taldearekin, besteak bes­te. Orain arte lortutako guz­tia­ri erreparatuz, honaino iristea es­pero ahal zuen eta zer pentsa­tzen duen galdetuta, ha­laxe erantzun du: «Ez naiz atzera be­giratzen duen horietakoa; au­rrera begiratzen dut beti. Baina egia da zorte asko izan dudala eta oso ondo joan zaidala dena orain arte. Gustora nago». Hala ere, ez dira momentu errazak izan denak: «2003an, dena utzi nuen. Nazkatuta nengoen eta fabrika batean hasi nintzen lanean. Fermin Muguruzak deitu zidan eta berriz hasi nintzen». Esne Beltza taldearekin, 2013 urte bukaeran atera zuten laugarren diskoa, Gora izenekoa. 2014an zehar ibili dira diskoa aurkezteko biran eta denera 60 kontzertu eskaini dituztela azaldu du Solanok: «Ale­manian gira egin genuen uztailean eta gero Bartzelonan, Galizian, Madri­len... ibili gara, besteak beste, eta baita Euskal Herrian ere. Eta oso ondo joan da dena. Gaur egun, gauzak dauden bezala, ez gara keja­tzen».

Disko berria, Esne Zopa gehiago eta bigarren liburua
Laster Esne Beltzako disko berria prestatzen hasiko direla aurreratu du Solanok: «Duran­goko Azokarako aterako dugu bosgarren diskoa. Orain arte bezala, kolabora­tzaile askoren partehartzea izango dugu, estilo horri eutsiko diogu. Hori bai, modu bereziagoan grabatuko dugu, baina oraindik zehazten ari gara». Gainera, abeslari eta tronpetista berria dituzte orain. Izan ere, Lonbi eta Pa­txukoren ordez ari dira Arkaitz Sistiaga pasaitarra, tronpetan, eta Gorka Suaia gasteiztarra, abesten.
Horrez gain, azokarako, Esne Zopaken bigarren diskoa ere ateratzeko asmoa duela dio eta baita Trikitixa Liburua II ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!